Sanjuandegin, Onintza Zeberiok irabazi egin du

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 1a, 12:07

Herenegun, Sanjuandegiko II. Mendi lasterketako irabazleak podiumean

Kirola 60 lasterkari inguruk parte hartu dute Sanjuandegiko II. Mendi Lasterketan; asko kanpotik etorritakoak izan dira

.14 kilometro luzeko lasterketa da: Sanjuandegitik irten eta Oñaztik, Sistiaga Errekatik barrena, berriro Sanjuandegira.

Herenegun izan zen Sanjuandegiko II. Mendi Lasterketa. Hamalau kilometroko ibilbidea egiten aurrena Juanjo Igarzabal zumarragarra (00:54:02) izan da aurten. Iaz,irabazlea izan zen Enekoitz Aizpuru azpeitiarrak bigarren egin zuen, 26 segundora. Emakumezkoetan, lehenena Onintza Zeberio azpeitiarra (01:10:41) izan zen eta bigarren Olatz Gabilondo azkoitiarrak egin zuen; honek Zeberiok baino ia lau minutu gehiago behar izan zituen ibilbidea bukatzeko.

Lehen lasterketako ibilbide bera prestatu dute aurtengo lasterketarako ere, 14 kilometro luzekoa: Sanjuandegitik irten eta Oñaztik, Sistiaga Errekatik barrena, berriro Sanjuandegira. Parte hartu duten kirolariak ibilbidearekin gustura gelditu direla diote antolatzaileek: "Kanpotik etorri direnei gustatu zaie lasterketaren ibilbidea. Aurretik euri asko egin zuen eta lokatza bazegoen. Dena den, gustukoa izan dute zeharkaldia".

Iaz baino lasterkari gehiagok parte hartu dute lasterketan, 60 inguruk. Inguruetako kirolariez gainera, eskualdetik kanpokoak ere etorri dira: Beratik, Arrasatetik, Zumarragatik, Urretxutik, Elgoibartik, Debatik, Anoetatik eta Donostiatik, esaterako. "Iazko lasterketan gehienak, denak ez esatearren, herrikoak izan ziren. Aurten ordea, kanpotik jende asko etorri da eta maila ona egon da. Hori positiboa da herritik kanpo ere lasterketa ezagutzen joateko".

SANJUANDEGIKO II. MENDI LASTERKETA

Gizonezkoak.

  1. Juanjo Igarzabal 00:54:02
  2. Enekoitz Aizpuru 00:54:28
  3. Xabat Manzisidor 00:56:02
  4. Unai Bengoa 00:56:31

Emakumezkoak.

  1. Onintza Zeberio 01:10:41
  2. Olatz Gabilondo 01:14:02
  3. Josune Unanue 01:34:46
  4. Idoia Arakistain 01:34:55

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide