Jon Txakartegi izango da Lan Mobel Iraurgiko entrenatzaile berria

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 4a, 11:07

Txakartegi, Emakumezkoen Ligako Hondarribia-Irun taldea entrenatzen jardundakoa da, bost urtez

Lan Mobel taldean dagoeneko baieztatu dute Aritz Martinezek eta Josean Cavadak segituko dutela

Iraurgi Saskibaloi Elkarteko lehen taldeak badu entrenatzaile berria: Jon Txakartegi izango da EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi taldea entrenatuko duena, datorren denboraldian.

Txakartegi, Espainiako Emakumeen Ligako Txingudi Saskibaloi Elkarteko Hondarribia-Irun taldea entrenatzen ibili da aurretik. Iraurgikoek euren webgunean (www.iraurgisb.com helbidean) azaldu dutenez, "bost urtean Hondarribiko nesken saskibaloi taldea entrenatzen jardun du".

Aitor Uriondo donostiar entrenatzaileak Lan Mobel ISB entrenatzeari utzi zion joan den denboraldia bukatu ondoren, eta ordundik lehen taldea entrenatzailerik gabe egon da. Uriondok denboraldi bakarra egin du Iraurgin.

Jarraituko duten jokalariak

Dagoeneko saskibaloikoak hasi dira datorren denboraldia prestatzen eta lehen taldean jarraituko dutela ere baieztatu du hainbat jokalarik. Bik behintzat talde horretan segituko dute: Aritz Martinezek eta Josean Cavadak.

Autonomikan juniorrak

Iraurgi Saskibaloi Elkartea, gainontzeko mailetako taldeak ere antolatzen ari da hurrengo denboraldirako. Autonomika mailako Lizuan.com ISB taldea osatzeko pauso batzuk ere emanda ditu. ISBkoek azaldu dutenez, Junior mailako Lasao Altzariak taldeko jokalari batzuk Autonomikako taldea osatuko dute. Honakoak dira jokalari hoiek: Jon Etxaniz, Eneko Artola, Jon Gartzia eta Mikel Segurola. "Lizuan.com taldea osatzeko Lasao Altzariak taldeko jokalariengana jo dugu", esan dute saskibaloi elkartekoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide