Eusko Jaurlaritzak 600 euro gehiago emango dizkio Uztarriari diru laguntzetan

Uztarria.eus 2008ko uzt. 9a, 14:07

Herri aldizkariak 10.500 euroko laguntza jasoko du; uztarria.com-ek iazko bera, 1.500ekoa

Euskarazko hedabideentzako diru laguntzen kopuru orokorrei begiratuta, ia ez dago igoerarik iaztik

Ekainaren 30eko ebazpenaren arabera, banatu ditu Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideentzako aurtengo diru laguntzak, eta Uztarriari iaz baino 600 euro gehiago emango dizkio. Herri aldizkariak 10.500 euroko laguntza jasoko du. Aurreko urtean baino 600 euro gehiago izango dira, iaz 9.900 euro jaso baitzituen. Uztarria.com-ek, berriz, aurten ere iazko diru laguntza bera jasoko du: 1.500 euro.

Euskarazko hedabideentzako diru laguntzen kopuru orokorrei begiratuta, ez dago igoera handirik iaztik.

Gai hori dela-eta Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkariak iritzi artikulua idatzi du gaur Berrian, eta kritiko ageri da: "Pozteko gauza gutxi ikusi dugu 2008ko dirulaguntzen erabakian. Hiru aldizkari berrik jasoko dute lehen aldiz Eusko Jaurlaritzaren laguntza 2008an. Baina horrekin batera, badira berri txarragoak ere, aldizkari batzuk 2008an desagertu egingo baitira. Horrez gain, euskarazko hedabideei emandako dirua ez da handitu 2007tik 2008ra eta euskarak behar handiak ditu, baita hedabideetan ere. Horretarako inbertsioak behar dira. Ildo beretik, tokiko egunkarien atalean diru hazkunde urria eman da eta erdarazko egunkariei gero eta laguntza gehiago ematen zaie euskarazko gehigarriak ateratzeko". Bukaeran, "apustu estrategikoen gabezia" azpimarratu du Larrartek.

Udalak 6.000 gehiago

Martxoaren 6an sinatu zuten Azpeitiko Udalak eta Uztarriak 2008-2011 legealdiko komunikazio hitzarmena. Uztarriak 2008rako komunikazio arloan 125.830 euroko aurrekontua dauka, eta Udalak 32.400 euro emango dizkio —aurreko hitzarmenean baino sei mila euro gehiago—. Uztarriaren aurtengo aurrekontuaren %25,7 da, hain zuzen, kopuru hori. Aurreko hitzarmenean —2004ko kopuruen arabera—, %28,8 eman zion. Udalak urtero KPI gehituko dio laguntzari —orain arte hori ez zen aplikatzen—. Uztarria "gustura" dago, bere eskakizunak jaso egin dituelako Udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide