Aurtengo Sanjuandegiko jaiak, inoiz baino hobeak?

Iban Orbegozo Iturralde 2008ko uzt. 9a, 15:07

Ekainaren 6, 7 eta 8an Azpeitiko Sanjuandegi auzoko jaiak izan ziren, eta zenbaiten arabera, orain arteko onenak. Nik 10 bat urte pasa ditut jai hauek antolatzen, eta esan dezaket antolakuntza aldetik penagarriak izan direla.

Aurten batzorde berria sortu da, lau taldez osatua berauen ordezkari eta guzti. Bide Ona elkartea, auzoko gazte taldea, elkarte gastronomikoen taldea eta batzorde zaharra. Batzorde batean, ideia eta ekimen guztiak errespetatu behar dira, orain arte egin den bezala, eta lanerako orduan inplikazio eta borondate guztia jarriaz (batik bat jai egunetan). Nik eta ni bezala lagun askok, lan mordoa egun dugu maite eta bizi ditugun jai hauek aurrera ateratzeko. Muxu truk eta diru gutxirekin. Mesedeak eskatuz eta lagun zein ezagunak inplikatuz. Lagundu digun jendeari eskerrik beroenak emanaz eta urtetik urtera laguntza eskatuaz. Eta ez digute inoiz hutsik egin.

Nahikoa diru izanda, neuk ere erraz antolatuko nituzke jaiak, lanik egin gabe eta besteei aginduz. Baina jai hauetan aurrekontua murritza da eta lan asko egin behar da dena ongi ateratzeko. Batzorde berria osatu aurretik, udalarekin elkartu ginen batzorde zaharreko bi kide eta Bide Ona elkarteko beste bi. Beste bilera bat egiteko gelditu ondoren, udalak, inongo begirunerik gabe bileratik kanpo utzi gintuen. Hainbeste urte eta gero, horrelako esker ona?

Aurten erakutsi dugun bezala, gazte taldeak eta batzorde zaharrak atera beharko dituzte jaiak aurrera, Bide Ona elkartearen laguntzaz eta udaleko jai batzordeburutik gauza gutxi esperoaz. Hainbeste urte eta gero, ni ez naiz batzordean izango, eta dirudienez ez naiz bakarra. Orain arte kritikak besterik ez ditugu entzun, ez dugu auzokoen eskerrik jaso, ez dute gure borondatezko lana errespetatu. Zer egin behar dugu, auzoa jairik gabe utzi? Hori da lortuko dutena!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide