Hilaren 21ean hasiko da Lagun Onak hurrengo denboraldirako entrenatzen

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 10a, 12:07

Hodei Mendinuetak aurreko bi denboraldiak Lagun Onaken egin ditu.

Mikel Azkoitia, Eneko Kortadi eta Aitzol Manterola fitxatu ditu Espainiako Hirugarren mailako futbol taldeak

Aurreko bi denboralditan Lagun Onaken ibili den Hodei Mendinueta futbolari azpeitiarra Real Unionek fitxatu du

Espainiako Hirugarren mailako Lagun Onak futbol taldeak hilaren 21ean hasiko du denboraldia-aurrea. Dagoeneko taldea osatzen hasita daude, nork jarraituko eta nork utziko duen badakite. Taldeko kirol ordezkari Juan Ramon Olalde Kinttela-k Urola Kostako Hitza'-ri jakinarazi dionez, "Mendinueta Real Unionera doa; IƱigo Vallejok, Xabi Lacallek, Romerok, Aitor Perezek, Sarasolak, Roberto Gutierrezek, Igor Uranga Antxi-k utzi egiten dute, eta Xabier Alberdi eta Mikel Odriozola zalantzan daude". Bere esanetan, etxekoen artetik 14-15 jokalarik jarraitu egingo dute, baita Aitor Zulaika entrenatzaileak ere.

Taldea utzi dutenak ordezkatzeko futbolariak fitxatzen ere hasita daude: Mikel Azkoitia fitxatu dute, eta Elgoibartik Eneko Kortadi zestoarra eta Aitzol Manterola zarauztarra ekarriko dituzte. "Atezain bat eta bi zentral falta zaizkigu", dio Olaldek. Hala, Realetik Colinas ekarri nahi dute: "Gaur egun Sansen jokatzen du, utziko ez utziko zalantzan dago eta gure nahia taldera ekartzea litzateke".

Denboraldi-aurreko entrenamenduak bakarrik ez, jokatuko dituzten partida ia guztiak zehaztuta dituzte futbol klubekoek.

Denboraldi-aurrea

  • Uztailak 21, astelehena. Entrenamenduekin hasiko dira.
  • Abuztuak 5, asteartea. Lagun Onak-Reala. Garmendipen (oraindik ordua zehaztu gabe dute).
  • Abuztuak 14, osteguna. Andramari jaietako futbol txapelketa, Azkoitian.
  • Abuztuak 19, asteartea. Lagun Onak-Lagun Artea (Lakuntza), Garmendipen.
  • Abuztuak 23, larunbata. Tolosa-Lagun Onak. Tolosan.

Hodei Mendinueta: "Zaila daukat, baina nire helburua Real Unionen ahalik eta gehien jokatzea da"

Hodei Mendinueta (Azpeitia, 1986) futbolariak aurreko bi denboralditan Lagun Onak-en Espainiako Hirugarren Mailako taldean jokatu du. Orain, ordea, Espainiako Bigarren B mailako Real Union futbol talde irundarrak fitxatu du.

Lagun Onak-en hasi zinen futbolean, eta Realean beheko mailetan jokatu duzu; handik berriro Lagun Onak-era etorri zien eta orain Real Unionek fitxatu zaitu.

Alebinetan eta infantiletan Lagun Onak-en ibili nintzen. Kadeteak ginela, bi lagun Realera joan ginen, Jagoba Beobide eta ni. Nik, han jubenil handien maila arte jarraitu nuen; ondoren, Lagun Onak-en Hirugarren Mailan hartu ninduten. Hemen,denboraldi-aurrea hasi orduko lesionatu egin nintzen, belauna puskatu nuen. Sendatu orduko berriro pubisa puskatu nuen eta urte oso bat geldirik egon nintzen. Pixkanaka martxa hartzen hasi orduko, hurrengo urtean ere lesionatu egin nintzen. Azken denboraldia izan da segidan gehien jokatu dudana, osorik jokatu baitut.

Orain maila bat altuago dagoen talde batekin fitxatu duzu, Real Union-ekin. Zer dela eta?

Beti ere gora begira egindako talde bat da Real Union, denboraldiro Bigarren B mailatik Bigarren mailara igotzeko helburua du. Mikel Labakak eta beste hainbatek jokatu zutenean, ia igotzekotan ibili ziren eta ordutik urtero asmo horrekin jokatzen dute. Bigarren B maila da, baina oso profesionala da: entrenamendu eta dedikazio asko eskatzen du. SHEEn ari naiz ikasten, Gasteizen; azken ikasturtea falta zait egiteko eta distantziara ikasiz atera beharko dut, Real Unionen jokatzeak klasera joateko aukera kenduko didalako. Datorren astean hasiko gara denboraldi-aurreko entrenamenduekin, egunean bi aldiz entrenatzen.

Real Union-ez gain, beste talderen batera joateko eskaintzarik izan al duzu?

Espainiako Hirugarren mailako hiru talderen eskaintza izan dut eta Bigarren B mailatik Sestaorena. Sestaoko entrenatzaileak deitu zidan, eta orain Eibarrera joan da; gauzak ez zeuden garbi, denok genekigun entrenatzailea ez zela bertan geldituko eta orduan nahastu egin dira gauzak. Azkenean Real Union-ek fitxatu nau.

Lagun Onak-en segitzeko aukera ere bazenuen, ezta?

Bai, aukera hori ere banuen.

Zu zeu zer helbururekin zoaz Real Unionera?

Oso zaila izango da Real Union-en jokatzea; entrenatu eta lana egin beharko dut, pazientzia izan... Beste kontu guztietan bezalaxe. Ondo irteten badu, ondo. Nire helburua ahalik eta minutu gehien jokatzea da, eta badakit oso zaila daukadala. Jende beteranoa dago taldean, esperientzia duena, eta azkenean maila horretan horrek balio du gehiago, gaztea izatea baino. Ea zer gertatzen den...

Lagun Onak-ekin aurreko denboraldia oso ondo joan da, ezta?

Gozada bat izan da. Azken batean, denboraldi horren saria izan da mailaz igotzeko aukera, eta pena da aukera hori niri bakarrik heldu izana. Talde osoak merezitakoa da, beti goian egon gara, partida onak jokatuz. Altolagirre, Tena, Orbegozo, Aranburu... jende piloa dago jauzia emateko moduan; zorte kontua da. Igoera fasea ez jokatzea izugarrizko pena izan zen... Azken egunean aukera galtzea pena handia izan zen. Herritarrek ere oso ondo erantzun zuten, jende asko arduratu zen egiten genuenaz, eta zaletu askok jarraitu zuten denboraldia.

Gainera, herriko jokalari asko zineten taldean...

Nik uste dut hor egon dela gakoa, horrek lagundu du taldea egiten. Kanpotik etorritakoekin ere orain arte ez dugu horrelako girorik izan. Beti elkarrekin ibiltzen ginen, ellkar animatzen genuen, eta entrenatzailearekin ere oso harreman ona izan dugu; nik ezin dut espero Real Union-en horrelakorik aurkitzerik.

Garmendipera etortzen jarraituko al duzu?

Bai, bai, zalantzarik gabe jarraituko dut. Nik asko zor diot Lagun Onak-i: beti eman izan didate jokatzeko auker. Realean asko ikasi nuen, baina benetan Lagun Onak-en ere asko ikasi dut.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide