Bi urte bete dira herriko gazte talde batek Karasusaneko etxea okupatu zuela. "Denok etxe duin batean bizi ahal izateko eskubidea dugula aldarrikatzeko" helburuarekin burutu zuten gazteek ekintza eta "babes handia" jaso zuen euren esanetan. Urteurren horren harira, Azpeitiko Gazte Asanbladakoek idatzi bat kaleratu dute etxebizitza gai hartuta.
Gazteen esanetan, "okupazio hartatik aldatu den gauza bakarra udal gobernu taldea izan da eta badakigu gai korapilotsu honen aurrean lanean ari dela, alternatibak bilatu nahian". Bide horretan, hala ere, "lan nekeza" dutela gaineratu dute, "EAJk utzitako herentziagatik", batetik, eta EA eta EB-Aralar ez dituztelako "oso konbentzituta" ikusten "irtenbideak bilatzeko".
Mahai-inguruan alderdiek izan zuten jarrera
Hori guztia "garbi" ikusi zen gazteen arabera, Gaztetxetik antolatutako Gazte Astearen baitan egin zen mahai-inguruan: "Bagenekien EAJkoak ez zirela agertuko. Batetik, badakigulako herritarren aurrean aurpegia emateko kemenik ez dutela eta, bestetik, gonbidapen gutuna ez zutela jaso "argudiatu" zigutelako ekimenaren bezperan. Baina beste bi alderdiengandik ez genuen espero horrelako jarrera koldar eta axolagaberik".
Mahai-inguru hartara herriko alkate IƱaki Errrazkin bakarrik agertu zen. "Azpeitiko historian zehar lehen aldiz, herriko alkatea mahai baten bueltan bildu zen herritarrek egindako galderei erantzuteko. Bi urtetan egindakoaz eta aurrera begirako asmoez mintzatu zen", esan dute Gazte Asanblakoek. Horren aurrean, honakoa ondorioztatu dute: "Beste behin ere, EAJ, EA eta EB-Aralar alderdiek ez dute arazo honekin bukatzeko plangintzarik eta asmorik".
Gazteek, bide batez, "etxeak salduz negozioa egitea eta etxeak zozketatzea ez direla bidezkoa" salatu dute, "beste behin ere". Horren aurrean, "alokairuaren aldeko politikak" eskatzen jarraituko dutela jakinarazi dute, "pertsona orok, bakoitzaren ahalmenaren arabera, etxe batean bizitzeko aukera izan dezan".