Ertzainei botilak botatzea egotzita, hiru urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu dio Fiskaltzak azpeitiar bati

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 14a, 20:07

Iazko Donostiako Aste Nagusian izandako gertaeretan parte hartu zuelakoan zigortu nahi dute

Fiskaltzaren arabera, bi lagun horiek "agintearen kontrako erasoa" egin dute

Iaz Donostiako Aste Nagusian, abuztuaren 15ean, alde zaharrean izandako gertakari batzuen baitan ertzainei botilak botatzea egotzita, azpeitiar bati hiru urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen dio Fiskaltzak, gaur berri agentziek zabaldu dutenez.

Iaz, abuztuaren 15ean, Donostiako Aste Nagusian, goizaldeko ordubiak aldera izandako istiluetan "parte hartzea" eta "ertzainei botilak botatzea" egotzi die bi laguni Fiskaltzak. Horietako bat 20 urteko azpeitiarra da, eta bestea, berriz, kataluniarra. Berri ajentzien arabera, azpeitiarrak "ertzainei zerbeza botilak jaurti zizkion", Donostiako alde zaharreko Juan Bilbao kalean. "Jaurtitako bi botilek ertzain bat jo zuten: botila batek kaskoan jo zuen ertzaina eta besteak bularraldean. Ondorioz, ertzainak ukolondoan ebaki bat izan zuen, eta sei egun behar izan zituen sendatzeko", Fiskaltzak azaldu duenez. Kataluniarrari ere ertzainei botilak botatzea egozten diote, eta honentzako ere azpeitiarrarentzako adinako kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak.

Fiskaltzaren arabera, bi lagun horiek "agintearen kontrako erasoa" egin dute, eta baita "lesioak eragiteagatik falta" ere. Hori dela eta, bakoitzarentzako hiru urte eta erdiko kartzela zigorra, hamar egunetan uneoro "lokalizatuta" egotea eta ertzainak diruz indemnizatzea eskatu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide