Giroan egindako lanarekin gustura gelditu da Mireia Epelde

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 17a, 12:07

Mireia Epelde txirrindularia.

Emakumeen Giroa 70. bukatu du eta bere taldekoen artetik, Bizkaia-Durangotik, bigarren egin du

Giroan mendiko etapak "nahiko gogorrak" izan direla dio

Zortzi etapa eta gero, igandean bukatu zen Emakumeen Giroa. Mireia Epelde Bizkaia-Durango taldeko txirrindularia gustura etorri da handik. "Ederki, mundial ibili gara", zioen Italiatik bueltan. 22:20:35 denbora eginda, 70. bukatu du azpeitiar txirrindulariak.

Emakumeen Giroko txapelduna Fabiana Luperini 34 urteko italiar txirrindularia izan da, 21:18:40 denbora eginda. Honek orain dela hamar urte irabazi zuen azkenengo aldiz Giroa. Izan ere, Joane Somarribaren aurretik, txirrindulari onena izan zen hainbat urtean bai Giroan bai Tourrean.

Taldetik bigarrena

Mireia Epeldek Bizkaia-Durango taldetik bigarren egin du, Josune Murilloren atzetik; honek 68. bukatu du, 22:19:29 denbora eginda. "Murillok atera didan aldea erlojupekoan ateratakoa izan da. Gainontzean, etapa guztietan talde berean bukatu dugu biok", dio Epeldek.

Bizkaia-Durangokoek Arantzazu Azpiroz dute taldeburua; honek Giroan 85. bukatu du, 22:20:35 denbora eginda. Epeldek dioenez, hirugarren etapan taldekideek Azpiroz tropelaren aurrean eramatea lortu zuten eta, ondorioz, zazpigarren bukatu zuen taldeburuak.

"Oroigarri" eta guzti

Aurretik espero bezala, Giroan mendiko etapak "nahiko gogorrak" izan direla dio Epeldek: "Laugarren etapan bigarren eta lehen mailako mendateak igo behar izan genituen, eta gainera goian bukatzen zen. Halere, aurreko taldean bukatu genuen, eta gustura".

Girotik "oroigarri txiki bat" ekarri duela dio txirrindulariak: "Bosgarren etapan, erlojupekoan erori egin nintzen eta belaunean min hartu nuen; horregatik, gero ezin erritmoa hartuta ibili nintzen". Seigarren etapa ere gogorra izan zela dio. Zazpigarrena "motzena" baina igoera eta jaitsiera askokoa izan zuten; "orduan nekea antzematen hasita geuden, gainera". Zortzigarrena eta azkena izan zuten etaparik azkarrena, "batez besteko 43 kilometro orduko abiaduran egin genuen. Behin eta berriro neure burua esaten nion: 'Bukatu dadila sufrimendu hau'". Azken etapa bukatu orduko, arratsaldean hegazkina hartu eta etxera etorri ziren txirrindulariak.

Asteburuan, Segovian

Aste honetan atseden pixka bat hartu eta berriro indarrak hartzea da Epelderen asmoa. Baina asteburuan Segovian (Espainia) Espainiko Txapelketako azken lasterketa du: "Karrera horretan gure taldearen asmoa Arantzazu Azpiroz taldeburua lehen postuan mantentzea da. Ea hori lortu eta lasterketa polita egiten dugun". Gorputzaldi onarekin dagoela dio txirrindulariak, "ondo eta fuerte".

Datorren hilean, Emakumeen Frantziako Tourrera joango da Mireia Epelde txirrindularia eta abuztuaren 9tik 17ra bitartean lehiatuko dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide