Bigarrenez, Agirrezabalak erremonte txapela lortu du

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 21a, 12:07

Udaleko ordezkari Manuel Unanue, Igor Arrizabala, Asier Zalakain eta Galarretako kudeatzaile J. Antonio Ercilla.

Agirrezabalak eta Zalakainek irabazi dute Azpeitiko IX. Erremonte Txapelketako finala, Zulaika-Badiola garaituz

Agirrezabalaren iritziz, "partida gogorra" jokatu zuten

Igor Agirrezabala Matxinbentako atzelaria eta Asier Zalakain aurrelari tolosarra gailendu ziren ostiralean Izarraitz Pilotalekuan jokatu zen Azpeitiko IX. Erremonte Txapelketan. 30-40 hartu zuten mendean Egoitz Zulaika aizarnazabaldarrak eta Imanol Badiola azpeitiarrak osatzen zuten bikotea.

Honenbestez, Agirrezabalak bi urtez jarraian irabazi du bere herriko txapelketa nagusia. "Oso gustura nago, pozgarria izan da herritarren aurrean irabaztea", adierazi du matxinbentarrak.

Hasieratik lasai sentitu zen Agirrezabala. "Buruak lan asko ematen du askotan, baina oso ondo sentitu nintzen eta fisikoki ere ondo nengoen", kontatu du.

Ehun ikusletik gora bildu zen Izarratiz pilotalekuan norgehiagoka ikustera. Jardunaldi luzea izan zen finalekoa eta Agirrezabalaren iritziz, "partida gogorra" jokatu zuten. "Hasieratik 30. tantura arte oso gogorra izan da, ez bikote batek ez besteak ez genuen amore ematen", esan du txapeldunak. Ordu eta laurdeneko lehiaren ondoren, Agirrezabalarentzat eta Zalakainentzat izan ziren lehen sariko 600 euroak, txapelak eta oroigarriak. Txapeldunordeek, berriz, 300 euro eta oroigarria eskuratu zituzten.

Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, partida estelarraren txanda etorri zen. Ezkurra-Aizpuru bikotea Zeberio II.a-Iriarteren aurka neurtu zen, eta Ezkurra-Aizpuruk irabazi zuen azkenean, 40-27.

Aizpururi omenaldia

Pello Aizpuru erremontista azpeitiarrari omenaldia egin zioten ostiralean. Izarraitz pilotalekuan jokatu behar zuen azken partida zen eta Erremonte Eskolako pilotari gazteek oroigarria eman zioten.

Urrestillako erremontistak hilaren 26an Galarretan jokatuko du erremontista profesional bezala bere azken partida, 25 urteko ibilbidea egin eta gero.

Profesionalen maila utzi arren, Izarraitz pilotalekuko kantxero eta Erremonte Eskolako arduradun izaten jarraituko du Aizpuruk.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide