Loiolako Inaziok Azpeitian berebeziko
garrantzia du, zer esanik ez
festetan. Baina Gaztetxeko Festa
Batzordeko kideek herriko jaiak
alaitzeko pertsonaia berri bat sortu
dute, horren paralelo. Inaxi
da honen
izena, eta saninazioei umore
eta alaitasun pixkat bat jartzeko asmoz
etorri da. Aurtengo jaietatik
aurrera, beraz, santu ezagunarekin
batera, saninazioetako protagonista
berria bihurtuko da.
Atzerritik festei beste kolore bat
emateko prest bueltatu dela adierazi
du Inaxik, "herri giroa sortu"
eta festak parte-hartzaileagoak
bihurtu nahi baititu. "Saninaziyoren
gerizpetik atera behar dugu
azpeitiarrok" azaldu du erraldoiak,
irribarre handia ezpainetan
duela. Lehenengo aldiz txosnak
irekitzen dituztenean aterako dela
jakinarazi du, baita jaietako beste
hainbat ekitalditan parte hartuko
duela ere.
Atzerritik jaioterrira
Inaxi herriko jaietako dinamika aldatzera bueltatu da Azpeitira. Betidanik Eliz kalean bizi izan da, baina kanpoan ibili da azken aldian: "Badira urteak herritik urruti nabilela munduan bidaiatzen. Paraje politak ikusi ditut, baina Azpeitia eta Euskal Herria bezalako lekuak gutxi". Inaxik azaldu duenez, asko gogoratzen da Azpeitiko jendeaz; baita, tabernaz taberna egindako txikiteoez ere. "Azkenaldian, gainera, festetan murgilduta ikusten ditut herritarrak eta asko pozten nau horrek. Hala ere, zer hobetua badagoela iruditzen zait".
Inaxiren esanetan, San Inazio festak "dotoreegiak dira nire gusturako. Gainera, saninaziotako protagonistak ez direla azpeitiarrak iruditzen zait niri, saltsa behar baitute jai hauek". Horren harira, herritar guztiek jaietan parte hartzea nahi duela azaldu du pertsonaia berriak. "Xoxote gaineko Inaziok egiten digun itzalpetik atera behar dugu azpeitiarrok eta kaleetan kolorea zabaldu festetan". Gainera, Azpeitian ligatzeko aukera ere baduela jakin du Inaxik. "Morroxko eta morroxka ederrak dabiltzala aipatu didate. Ea baten bat ezagutzen dudan xirri batzuk egiteko..."
Inaxiri abestia egin diote
Inaxiren etorrera ospatzeko, Egurra ta kitto musika talde azpeitiarrak berari eskainitako abestia sortu du. Eta Gaztetxeko Festa Batzordekoek adierazi dutenez, San Inazio jaietan kanta entzuteko aukera izango da herriko tabernetan.