Uztailaren 26an, 16:00ak inguruan, XVIII. San Inazio Deunaren Saria Txirrindulari probari eman zioten hasiera Azpeitiko Enparantza Nagusian. Santio jaien baitan antolatu zuten Lagun Onak Txirrindulari Elkartekoek hitzordua eta kadete mailako txirrindulari gazteek hartu zuten parte bertan.
Gipuzkoa osotik etorritako neska- mutilak izan ziren eguneko protagonista nagusiak, baina lasterketa gorabeheratsuaren ondoren, Jon Eizagirre zarauztarra izan zen 71 kilometroak azkarren egin zituen txirrindularia.
Etumetan erabaki zen dena
Lasterketa hasi bezain laster, Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko Corrugados Taldeko Iker Zabalak multzotik ihes egin zuen eta lehenengo kilometroak bakarrik egin zituen. Hala ere, 15. kilmetroa baino lehen harrapatu egin zuten.
Azpeititik Iraetarako bidean 12 laguneko taldea izan zen ihes egin zuena, baina Etumetako igoeran Jon Eizagirre zarauztarrak eta beste hiru txirrindularik erritmo bizia jarri zuten, horrekin lasterketa apurtuz.
Galdiano Taldeko Jon Eizagirre zarauztarra izan zen lasterketako irabazlea eta Sebastian Irizar eta Mikel Aristi sailkatu ziren 2garren eta 3garren, hurrenez hurren.