Abuztuan Udal kirol azpiegituretan iaz baino erabiltzaile gehiago ibili da. Kanpoko igerilekuan, esaterako, iazko abuztuan baino 1.500 erabiltzaile gehiago ibili da aurtengoan, hala azaldu dute Udal Kirol Patronatutik. Garmendipeko kirol gune berriko tenis eta paddleko pistetan ere emaitza onak izan dira abuztuan: "Kiroldegia itxita egon da abuztuan eta pistak erabiltzeko zerbitzua tabernatik bideratu da. Emaitza onak izan dira; iazko datuekin alderatuz gero jende gehiago ibili dela antzematen da".
Kanpoko igerilekua hilaren 14ra arte egongo da zabalik eta Kirol Patronatukoek ondoren egingo dute aurtengo udako balorazio orokorra. Ordura arte kanpoko igerilekua 11:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, egunero.
Ohiko ordutegiarekin
Astelehenetik, bai Kiroldegia eta baita barruko igerilekua ere dagoeneko ohiko ordutegian daude zabalik. Oporraldiaren ostean, bi kirol azpiegituretan ematen diren ikastaroak martxan jartzear dituzte.