Gomendatzen dizut! Merezi du! bidaia gomendioen sariketa martxan da. Lehiaketan 12 urtetik 34 urtera bitarteko gazteek parte har dezakete, bi mailatan banatuta: maila bat 12 urtetik 17ra bitartekoena da eta bestea, berriz, 18 urtetik 34ra artekoena. Gomendioak aurkezteko epea hilaren 30ean bukatuko da. Parte hartzeko fitxa, Plaza Txikian dagoen Gazte Informazio Bulegora (GIB) eraman beharko da edo zuzenean www.aizue.com helbidean sar daiteke.
Lehiaketara nahi beste gomendio aurkez daitezke, baina zozketara begira, gazte bakoitzak bost gomendiorekin soilik izango du parte hartzeko aukera. Egiten den gomendio bakoitzeko bi arrazoi eman beharko dituzte parte-hartzaileek, eta gomendatutako bidaiaren inguruko bideo edo argazkiren bat erantsi beharko dute.
Bidaia gomendioen sariketako irabazleen izenak urriaren 17rako jakinaraziko dituzte GIBeko arduradunek. 12-17 urte bitartekoen mailako irabazlearentzako saria argazkigintzako edota ikus-entzunezko materiala da, eta 18-34 urte artekoen mailako irabazleentzat argazkigintza eta ikus-entzunezko materiala edo oporraldia.
GIB plaza txikian dagoenetik jende gehiago doa bertara
Uda aurretik Gazte Informazio Bulegoa Zapo Txoko gaztelekutik Plaza Txikira (Udaltzaingoaren ondoko bulegora) pasatu zuen Udalak. Toki berrian daudenetik jende gehiago hartzen dutela diote GIBeko arduradunek. "Lehen jendea espreski zerbait galdetzera etortzen zen Gazte Informazio Bulegora, baina orain, Plaza Txikian gaudenetik, jende gehiago dator, bulegoaren aurretik pasatu eta galdezka etortzen baitira".