EBA Ligako Lan Mobel ISBk larunbatean hasiko du denboraldi berria

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 17a, 12:09

Denboraldi berria jokatuko duen Lan Mobel ISB taldea.

EBA ligako saskibaloi taldeaz gainera, denboraldi berrirako beste hemezortzi talde osatu ditu Iraurgik

Lehen partidan Grupo CLN Gijonen kontra jokatuko dute

Iraurgi Saskibaloi Elkarteko lehen taldeak larunbatean du 2008-2009 denboraldiko lehen partida. Etxean jokatuko du aurrenekoa EBA Ligako Lan Mobel ISBk Grupo CLN Gijon taldearen kontra, 18:30ean, Kiroldegian.

2008-2009 denboraldirako, federatutako hemeretzi saskibaloi talde osatu ditu Iraurgik. Uda aurretik, izena emateko deialdi zabal bat ere egin zuen saskibaloi elkarteak. Hemeretzi talde dira, bai, baina partida jokatzen aurrena lehen taldea izango da, beste guztiak hurrengo asteetan hasiko baitira denboraldi berriarekin.

Lan Mobel Iraurgi taldea ostiralean aurkeztuko dute, 18:30ean, saskibaloi elkartearen tabernan. Hastear dagoen denboraldian Jon Txakartegi ariko da taldea entrenatzen. Txakartegi berria da Iraurgin eta bost urtez Espainiako Emakumeen Ligako Txingudi Saskibaloi Elkarteko Hondarribia-Irun taldea zuzentzen jardundakoa da. Entrenatzaile lanetan Gabriel Ociok lagunduko dio.

Gipuzkoar jokalariak nagusi

Lan Mobel ISBko jokalarien artean badira berriak, baina gehienak lehendik ere Iraurgi ezagutzen dutenak dira. Taldekoen esanetan, "denboraldi on bat egin nahi dugu, gipuzkoar jokalariak nagusi diren saskibaloi talde batekin".

Baina jokalarien artean, Edgar San Epifanio da berrikuntza nagusia; Juan Antonio San Epifanio Epi saskibaloiko jokalari ezagunaren semea, hain zuzen ere. ACB mailako Bruesa Gipuzkoa Basket taldeak fitxatu du, baina Iraurgiko lehen taldeari utzi dio. Horregatik, Bruesarekin entrenatuko da, baina gero Iraurgirekin jokatuko ditu partidak.

Beste jokalari berri batzuek ere jokatuko dute lehen taldean: Gorka Alarciak eta Lander Lasak. Alarciak azken urteetan Arrasaten Espainiako Lehen mailako taldean jokatu du, eta Goierrin eta Beasainen ere aritu da. Lasa, berriz, tolosarra da eta Burgosko LEB Oroko taldeak utzita ariko da Iraurgin denboraldi honetan.

Dena dela, lehendik Iraurgin ibilitako jokalariak izango dira nagusi lehen taldean; batzuek jarraitu egingo dutelako eta beste batzuk itzuli egin direlako. Joseba Ibargutxi, esaterako, Iraurgin ibili eta gero Torreviejara joan zen, baina otsailean berriro Lan Mobel taldera itzuli zen. Denboraldi berrian ere jarraitu egingo du. Ibargutxirekin batera jarraituko dutenak Alex Arzelus, Xabier Osa, Eñaut Aranbarri, Asier Urbieta, Jorge Leon, Josean Cavada eta Aritz Martinez dira.

Denboraldia ezin hasita

Eñaut Aranbarrik eta Asier Urbietak ezingo dute denboraldi berriko lehen neurketetan parte hartu, biak lesionatuta baitaude joan den denboralditik. Saskibaloi elkartekoek aurreikusi dutenez, aurrena hilabete inguru eta bigarrena lau hilabete inguru egon beharko dute jokatu ezinda.

Denboraldi berriko lehen jardunaldian Gijongo taldea izango du aurkari Lan Mobel ISBk, larunbatean. 2007-2008 denboraldian, Asturiasko taldeak sailkapeneko hamargarren postuan bukatu zuen eta Iraurgik, berriz, seigarrengoan. Gainera, Gijonen kontra jokatutako denboraldiko bi partidak irabazi egin zituen Iraurgik: etxean 86-70 eta kanpoan 93-106 eginda.

Autonomikan taldea

Baina, aurreneko taldeaz gainera, beste hemezortzi saskibaloiko talde osatu ditu aurten ISBk. Gainera, hastear dagoen denboraldi berrian Autonomika mailan gizonezkoen talde bat izango du: Lizuan.com ISB. Aurreko denboraldian Probintzial mailako Errotaundi Okindegia ISBk mailaz igotzea lortu zuen eta Lizuan.com ISBk urriaren 4an estreinatuko du maila berria, orduan jokatuko baitute 2008-2009 denboraldiko aurreneko partida. Etxean jokatuko dute lehen norgehiagoka, www.seky.es taldearen kontra.

Probintzial eta junior mailetakoek, berriz, hilaren 27-28an jokatuko dituzte lehen partidak.

Lan Mobel ISB

Maila. EBA Liga.

Entrenatzaileak. Jon Txakartegi da lehen entrenatzailea eta bigarren entrenatzailea, berriz, Gabriel Ocio.

Jokalariak.

  • Joko antolatzaileak: Joseba Ibargutxi eta Gorka Alarcia.
  • Hegalekoak: Alex Arzelus, Xabier Osa, Eñaut Aranbarri, Asier Urbieta, Lander Lasa (Urrezko LEB mailako Burgos taldeak utzita) eta Edgar San Epifanio (Bruesa Gipuzkoa Basket taldeak utzita).
  • Pibotak: Jorge Leon, Josean Cavada eta Aritz Martinez.

Taldearen aurkezpena. Iraurgi Saskibaloi Elkarteak lehen taldea ostiralean aurkeztuko du, 18:30ean, saskibaloi elkartearen tabernan.

2008-2009 denboraldiko lehen partida. Larunbatean jokatuko dute Grupo CLN Gijonen kontra, 18:30ean, Azpeitiko kiroldegian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide