Gillermo Garatxanaren gorpua erraustu ondoren ekarriko dute Azpeitira eta gaur (ostirala) iritsiko dela uste dute. Atzo haren lagun batek hala adierazi zion Urola Kostako Hitza-ri. Garatxana asteartean hil zen Alpeetan, Mont Blanc mendian (Frantzia, 4.807 metro), ezbeharrez. Mendizalea 500 metrotik behera erori zen Gouter deituta ertzean, 3.500 metro inguruan zegoela; Chamonixeko Mendiko Poliziak adierazi zuenez, "huts egite tekniko" baten ondorioz.
Ezbeharra gertatu ondoren, Garatxanaren gorpua Chamonixera eraman zuten. Ezbeharraren berri jakin orduko haren senitartekoak Chamonixera joan ziren eta atzo Azpeititik beste lagun batzuk gerturatu ziren, «senitartekoei laguntzear». Gorpua han erraustu eta gaur Azpeitira iritsiko dela uste dute mendizalearen gertukoek.