Urrestillako Txorietxen 60 etxebizitza egiteko Zatikako Plana onartu dute

urola kostako hitza 2008ko ira. 22a, 11:09

Erabakia udalbatzarrean hartu da, baina hiritartzea eta egokitzapena erabaki gabe daude oraindik

%55 babes ofizialeko etxeak izango dira, %20 tasatuak eta gainontzekoak merkatu librean salduko dira

Urrestillan dagoen Txorietxeko lur eremuan 60 etxebizitza egiteko behin betiko Zatikako Plana aho batez onartu zuen Udalbatzak, herenegun egin zuten ezohiko udalbatzarrean. Bertan eraikiko dituzten etxebizitzetatik %55 babes ofizialekoak izango dira, %20 tasatuak eta gainontzekoak merkatu librean saltzekoak.

Oraindik, ordea, Txorietxen etxebizitzak egiteko Zatikako Plana bakarrik onartu dute. Orain, bertako hiritartzea eta egokitzapenak eztabaidatu eta erabaki beharko dituzte, hala azaldu zuen Iñaki Errazkin alkateak udalbatzarrean. «Bertako hiritartzearen inguruko zirriborro bat badugu, baina horren inguruan eztabaidatu eta erabakia hartu beharko da», azaldu zuen alkateak. Udaleko arduradunek azaldutakoaren arabera, bertan egin daitekeenaz urrestildarrekin hitz egiteko asmoa dute, «bertako bizilagunen beharrak kontutan hartzeko».

Txorietxen egingo dituzten etxebizitzen gehiengoa babestutako etxebitzak izango dira, «baina oraindik haien baldintzak eta oinarriak erabakitzeko daude».

Larrekoa ere onartuta

Urrestillako etxebizitzak egiteko plana onartu ondoren, jarraian Larreko lur eremuan industrialdea egiteko Zatikako Plana ere behin betiko aho batez onartu zuen Udalbatzak. Alkatearen esanetan, «bertako lurjabe batzuk alegazioak aurkeztu zituzten, baina haiei erantzun zaie txosten juridikoarekin, arkitektoaren txostenarekin eta udal idazkariarenarekin. Eta erabakiari buruz informatuta daude».

Horrez gainera, Betharramdarretako eraikinean igogailua jartzeko lanak abian jartzeko erabakia aurrera joatea erabaki zuten.

Txorietxen etxebizitzak

Txorietxeko lur eremua hiriztagarria da eta bertan 60 etxebizitza eraikitzeko Zatikako Plana behin betiko onartu du Udalak.

  • %55 babes ofizialekoak. 60 etxebizitzetatik 33 etxebizitza babes ofizilaekoak izango dira.
  • %20 tasarutakoak . Tasatutakoak 12 etxebizitza izango dira.
  • %25 libreak. 60 etxebizitzetatik 15 izango dira merkatu librekoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide