Ostiral gauean ezker abertzaleko hainbat hautetsik eta haiei elkartasuna adierazteko elkartutako herritarrek itxialdiak egin zituzten eskualdeko zenbait udaletxetan, Salbuespen egoerari stop lelopean. Irailean gertatutako legez kanporatzeak eta atxiloketak salatu dituzte ekimen honen bidez.
Zestoan, arratsaldeko 19:30ean ekin zioten itxialdiari. 20 lagun elkartu ziren udaletxean eta bertan igaro zuten gaua. Azpeitian ere ostiral gauetik larunbata bitartean egin zuten itxialdia udaletxean. Gisa berean jokatu zuen ezker abertzaleak Getarian ere, udalbatzar aretoan lo eginez. Atzo eguerdia arte 15 lagun egon ziren bertan eta aldarrikapenekin amaitzeko elkarretaratzea egin zuten.
Beste herrietan mobilizazioak
Zarautzen eta Zumaian ez dute itxialdirik egin baina mobililizazioak izan dira. Zumaian, elkarretaratzea egin zuten ostiral arratsaldean, Magnolioaren parean. Zarautzen, berriz, herritar batzuk atzo eguerdian egin zuten bilkura, udaletxe aurrean.