Aurreko ostiralean Julian Eizmendi zinegotziak idatzitako gutunaren harira zenbait argibide eman nahi dut.
Kexu da 700. urteurrenaren inguruan informaziorik ez duelako jaso. 700.eko taldea sortu zenetik eman izan dut Kultura Batzordetan eta Kultur Mahaiko Talde Eragilean talde honen nondik norakoen berri. Hain justu, apirilean egin genuen Kultura Batzordean azaldu nituen talde honetan lantzen ari diren egitasmoak eta partaideen izenak (ikus apirileko Kultur Batzordearen akta). Gainera, aurreko astean 700. urteurrenarenaren harira proposamenak jasotzeari begira,Kultur Mahaiko kide guztiei, alderdi politikoak barne, bidali zitzaien gonbidapena. Jakinda urte hasieratik ari ginela gai honen inguruan lanean , gaur da eguna oraindik ez dugula beraien proposamenik jaso.
Gainera, kultura arlo honetaz ari garenez, Udal Gobernu berria osatu zenean Kultura eta Gazteria Saila zuzentzea EAJri eskaini genion. Urte luzeetan oposizioaren partaidetza sustatzeari begira EAJk egin ez duena hain justu. Nahi izan balute, 700. urteurreneko gidaritza beraien esku legoke.
Zertara dator orduan baztertu izanaren salaketa hori? Mesedez!
Errespetua aipatzen duzunez lan taldetan eta herriko mahai desberdinetan musutruk lanean ari diren herritarrek ere beraien errespetua merezi dute. Edo, herriko erabaki guztiak ordezkari politikoen esku egon behar al dute bakarrik?
Azkenik, nire aldetik aipatu,Udaleko ateak irekita daudela eta kultur eta herri eraikuntzan lana egin nahi duten guztiek elkarlanerako nire konpromisoa dutela.