Beti arte, Kabra!

Xabier Aranburu Telleria (Lizarra) 2008ko urr. 13a, 19:10

Bernardo Aizpitarte Arruti Kabra lehengo astean hil zen

Eskerrik asko, Kabra, zure lagunen artean onartzeagatik, zure etxea guretzat zabalik eduki eta bai Marije eta bai zugandik halako harrera beroak eskaintzeagatik. Adiskidetasun horrek eraman gaitu elkar ezagutzera, eta hainbat gauza ikasi ditut zugandik. Bada urte mordoxka militante bezala ezagutu zintudala, baina onartu behar dut oraingo garaian sentitu zaitudala gertuago.

Ideiak beti garbi edukita, zure bidea egiten jarraitu duzu, balorazio sozialari eta sortutako erreakzioei muzin eginez. Bide hori jarraitu duzu zure antzinako lagun batzuek bizkarra eman dizuten arren. Zure ezaugarri horiek ezagunak nituen, eta, egia esan, ez naute gehiegi harritu. Beste Kabra gertuko eta maitagarriak markatu nau gehien. Bere arazoez baino gehiago besteen buruhausteez arduratutako kabra horrek. Harturiko konpromisoak betetzeko ibili beharreko denborak arduratzen ez zuen kabra horrek. Zer esango luke bere heriotzara arte hain ederki zaindu zenuen Santosek? Beste Kabra horrek ez zuen inoiz ahaztu eta bere eskura zegoen guztia egin zuen, duela urte asko, berak behar izan zuenean, lagundu zioten pertsona horien guztien alde.

Ez dut nahi neurrigabeko alabantza bat idazterik. Alabantza hori egon zaren ospitaletara joan edo zure osasunari buruz arduraz Marijeri deitu dioten, hainbat jatorri geografiko, adin eta pentsamoldeko pertsona guztiek idatzi dute, baita arrazoi ezberdinak direla medio zure eta Marijeren ondoan egon diren arren, halakorik egin ez dutenak ere.

Beti arte, Kabra!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide