San Markosko zaborra jasotzen, ofizialki dagoeneko

Uztarria.com 2008ko urr. 13a, 17:10

Gaur itxi dute Errenteriko zabortegia, eta hango hondakinak Lapatxera eramango dituzte, besteak beste

Dena den, Azpeitikoa lehendik ari zen jasotzen San Markosko zaborra

Gaur (astelehena) itxi dute ofizialki San Markosko (Errenteria, Gipuzkoa) zabortegia, eta horko zaborra, besteak beste, Lapatxek (Azpeitia) jasoko du, hori ere ofizialki dagoeneko. Lehendik ere jasotzen zuen, ordea: joan den martxotik.

San Markosko zabortegia 40 urtean eduki dute martxan eta, Lapatxera ez ezik, Igorreko (Bizkaia) eta Zarautz eta Beasaingoetara (Gipuzkoa) eramango dituzte hango hondakinak.

Berez, Europako legearen arabera, Lapatx eta Zarauzko Urteta zabortegien bizitza datorren urtean bukatuko litzateke eta itxi egin beharko lituzkete. Baina Donostian errauste planta 2013an irekiko dutela aurreikusten dute, eta ordura arte Gipuzkoako zaborrak jasotzen jarraitu beharko lukete Urtetak eta Lapatxek.

San Markos Plataformako ordezkariek, dena den, zabortegiak "hondakinak jasotzen" jarraituko duela gogorarazi diete gaurko ekitaldian izan direnei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide