Urriaren 25ean Hernanin elkartzeko deia egin dute gazte independentistek

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 20a, 12:10

Gazte independentistek Azpeitiko batzokiaren aurrean agerraldia egin zuten larunabatean. (Irene Elorza)

Urola Erdiko gazte independentistek Azpeitiko batzokiaren aurrean egin zuten agerraldia

Datorren larunbatean ospatuko da Independentzia Eguna, Hernanin

Datorren urriaren 25ean Hernanin ospatuko den Independentzia Eguna girotzen hasteko, hainbat ekitaldi izan da egunotan eskualdean. Independentziaren aldarria ozen entzun dadila nahi dute gazteek eta horretarako agerraldia egin zuten Azpeitian larunbatean.

Gazte independentistek egun osoko festa egingo dute Hernanin, goizean trikitixarekin, txistulariekin eta kale animazioarekin hasiko dira, eguerdian egingo duten sagardotegi herrikoiarekin jarraituz. Arratsaldean, sokatira txapelketako finala, kalejira, ekitaldi politikoa eta kontzertuak izango dira. Betagarri, Anestesia, Ken7, Neguri gorriak, Amaiur eta DJBull taldeak ariko dira zuzenean.

Hernanira joateko autobusa antolatu dute zarauztarrek. 10:00etan abiatuko da karmelitetatik eta goizeko 04:00etan eta 07:00etan itzultzeko aukera izango da.

Gazte indarrak pilatuz

Urola Erdiko gazte independentistek Azpeitiko batzokiaren aurrean egin zuten agerraldia, atzo, hilaren 25ean Hernanira joateko eskatuz.

"Hamarkada luzeetan ezker abertzaleak aurrera eramandako borrokak bere fruituak eman ditu eta gaur da euskal herritarren gehiengoak erabakitzeko eskubidea babesten duen eguna", esan zuten agerraldian. "Gure borrokak erabakitzeko eskubidea eztabaidaren erdigunera ekartzea lortu du", gaineratu zuten.

"Gazte independentistok garbi adierazi nahi dugu ez dugula beste iruzurrik onartuko, eta ez diogula EAJri gure herria berriro saltzen utziko", esan zuten. Independentziaren alde "gazte indarrak pilatzen" jarraituko dutela ere azaldu zuten gazteek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide