Surferako zaletasuna indarrean da Azpeitian. Kostaldeko herri gehienetan egin ohi dutenari jarraituz, Azpeitiko surf zaleek ere euren artean lehiatzeko aukera izango dute bihar (larunbata, urriak 25). Herrian ez, noski. Zarautzen izango dute hitzordua, Kanala
izenez ezagutzen den inguruan, hain zuzen. Kanporaketak 09:00etan hasi eta goiz osoan zehar luzatuko dira (hamaiketakorako tartea kenduta). Finalak, berriz, arratsalde partean jokatuko dituzte.
Azkenean 29 lagunek hartuko dute parte Azpeitiko Lehenengo Surf Txapelketan. Azpeitian surfean maiztasunez aritzen direnak gehiago dira, 50etik gora bai, antolatzaileen esanetan; baina lan-kontuak eta bestelakoak tarteko, denek ezingo dute biharkoan Zarautzen aritu.
Lagunartean
Biharkoari txapelketa
izena eman diote eta lehiatuko direnen arteko pikeak
ere ez dira faltako. Hala ere, lagunarteko giroa nagusituko da, txapelketaren ondoren parte-hartzaile guztiak elkartuko dituen afariarekin bukatuko baitute eguna..
Azpeitiko Lehenengo Surf Txapelketaren hazia ere afari batetik sortu zen, gainera. Antolatzaileek azaldu dutenez, "herriko surflariak urtean behin afari batean elkartzen garan eta hortik atera zen txapelketa egitearen kontua. Baina pretentsio handirik gabe, lagunarteko gauza bat bezala".
Azpeitiarren arteko txapelketa den arren "ateak inori itxi ez" dizkietela ere nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek, beraiei beste leku batzuetan horrelakorik gertatu izan zaien arren.
Olatu onak espero
Eguraldi eta olatuen aurrikuspenari dagokionez, kexarako aitzakiarik ez dutela izango dirudi. Bihar Zarautzen olatu "oso onak" izango dituztela espero dute, eta eguraldi gozoa.