Azpeitiko Pello Elorzak jasan duen mehatxuaren aurrean , ondoren sinatzen dugunok egiten dugun aldarria hauxe da:
Ez zaizkigu bidezkoak iruditzen formak, ezta edukiak ere. Edozein kritika politiko egiteko beste baliabide batzuk baditugu eta horri heltzea besterik ez zaigu gelditzen. Mehatxatzea biderik errazena da; eta anonimoa izatea, ez da batere onargarria. Ez da lehenengo aldia, eta berriro ere salatu egiten dugu.
Lagun bezala, ezin da onartu pertsona bat, edonor izanda ere, mehatxupean eta irainpean bizi izatea. Gure etsaiari ere ezin diogu opa horrelakorik. Bera ezagutzen duenak badaki zer pentsatzen duen, ez du inoiz ezkutatu bere iritzia. Eta harro jarraitu beharko luke horretan.
Aurkari politiko bezala, ezin da onartu edozein pentsamolde izanda ere, mehatxupean egotea. Ez da ez demokratikoa eta ezta etikoa ere. Gure ildo politikoa ez izanda ere, edozein pentsamenduk errespetua merezi du, bakoitzak berea defendatzeko eskubidea duelako.
Balorazioak balorazio, gure uste apalean, ezin dugu herri mailan egiten dugun lana ez era egokian bete eta ezta modu askean ibili ere. Askatasun egoera normalizatzeko bideak jorratzea besterik ez zaigu gelditzen, bideak badaude eta erabiltzea besterik ez dugu. Guztion ardura da eta denon artean lortu behar dugu. Ahaleginak egiteko garaia da.
Lelo bakarra dugu buruan, Eskubide guztiak guztiontzat. Horretan batzen baitira beste guztiak. Pello, beti bezala, segi aurrera hire lana ahal duan moduan egiten; hor izango gaituk, lagun, aurkari politiko eta herritar bezala.