Sektore elikorako eta altzairugintzarako osagarriak egiten dituen Glual Hidraulica S.L enpresa azpeitiarrak egun hauetan Shangain (Txina) ospatzen ari den PTC ASIA azokan parte hartzen ari da.
Iaz ere bertan izan ziren eta, lortutako emaitza onak zirela eta, errepikatu egin dute esperietnzia. Joan den astelehenetik gaur arte, osteguna, nazioarteko bezeroak lortzen egin da. Glual Hidraulica S.L Gipuzkoatik azokara joan den enpresa bakarra da.
Krisirik ez da nabari Txinan
Glualeko esportazio zuzendaria David Madariagaren iritziz, "krisirik ez da oraindik n abari Txinan". Dena den, aurreko urteekin alderatuta merkatuaren erritmoa "nolabait mantsotu" egin dela aitortzen du.
Hala ere, krisi ekonomiko globala ez da Txinara bezero berri bila joateko arrazoi nagusia, dioenez. Hara joaten diren enpresek interes estrategikoak dituzte lurralde hartan; izan ere, Txina mundu guztiko enpresentzako lehentasunezko merkatua da gaur egun.
Krisi garai honetan sektoreko enpresek era honetako azokak merkatuan toki bat aurkitzeko aprobetxatzen dituzte. Gainera, Txinan bertan ekoizteko aukerak aztertu eta aldeko eta kontrako faktoreen balantzeak egiteko balio die esperientzia honek.
Munduko bigarren azoka
PTC ASIA azoka industriarako osagarriak fabrikatzen dituzten enpresen bilgune garrantzitsuenetako da, mundu mailan bigarrena eta Asiako handiena.
1991n hasita, urtero-urtero sektoreko mundu guztiko enpresak biltzen dira eta, bezeroak topatzeaz gain, gainerako herrialdeetan egiten diren berrikuntzak eta ikerketak ezagutzeko ere balio du; modu horretan, produktuen kalitatea hobetzea lortzen dute.