Realak 30.000 euro baino gehiago zor dizkio Lagun Onaki

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 7a, 10:11

Goiko argazkian, Joxe Mari LarraƱaga. Behean, Roman Azkue.

Ikasberri Kirol Elkarteak ere ez du diru laguntza guztia jaso

Realak Gipuzkoako futbol elkarteekin zuen hitzarmena ez du bete eta elkarteek ez dute dirurik jaso Realetik

Orain bi urte hitzarmena sinatu zuten Gipuzkoako futbol elkarteek Foru Aldundiarekin. Horren arabera, Foru Aldundiak Realari emango zion futbol elkarteetara bideratutako dirua, gero honek Gipuzkoako futbol elkarteen artean banatzeko. Baina, diru hori guztia ez da heldu eskualdeko elkarteetara; hitzarmena ez da bete. Konkurtso Legera txostena sartu duen elkarterik ere bada. Berandu bada ere, jasotzeko dauden diru horren zati bat helduko zaien itxaropena badute batzuek.

Orain, gainera, Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea aukeratzeko hauteskundeak dira eta hor zer gertatuko den adi daude elkarte asko. Abenduaren 15ean izango da Federazioko presidentea eta zuzendaritza aukeratzeko batzar orokorra.

Joxe Mari Larranaga (Lagun Onak Futbol Elkarteko presidentea)

"Ea Gabonetarako gauzak konpontzen diren, bitartean iraun egin beharko dugu"

"Tristea da egoera. Ez dakigu dirurik helduko zaigun edo ez. Ea Gabonetarako gauzak konpontzen al diren, bitartean iraun egin beharko dugu. Gure aurrekontuarentzako jipoia da. Lehen emateko zeudenarekin eta aurtengoarekin 30.000 eurotik gora dira Real eman behar dizkigunak. Prakak estutu beharrean gaude eta inguruan diru eske ate joka hasteko ere ez da garai egokiena. Dena den oraingoz irauten ari gara. Uste dut klub txikietan eragin handiagoa izango duela honek. Oinarriko futbolerako eginda genuen hitzarmena ez dute bete. Hitzarmena bera sinatzea kostatu egin zen eta orain, berriz, hau. Ez dakigu aurrerago zerbait helduko al zaigun. Gainera, entzun dudanagatik Badiolak aurkeztutako aurrekontuan ez du aintzat hartzen oinarriko futbola.

Realaren Konkurtso Legea dela eta, txosten bat aurkeztu dugu, Eibarrek horretarako baliabideak jarri baitzizkigun".

Roman Azkue (Ikasberri Kirol Elkarteko lehendakaria)

"Guretzako diru laguntza hori ez da irtenbidea, baina arnasa da"

"Realarekin eginda daukagun hitzarmenaren bidez 1.800 euro inguruko diru laguntza jasotzen dugu urtero. Bi zatitan banatuta jasotzen dugu, eta bigarren zatia jasotzea falta zaigu, 900 euro ingurukoa. Diru hori guk dauzkagun futbol taldeei bultzada emateko da, eta ez badugu hori jasotzen beste nonbaiten jo beharko dugu atea. Guk Lagun Onak-ekin bat egin genuen Realaren aurka joateko, eta hitzarmena betetzeko eskatzeko; bat egin genuen ahalik eta indar gehien egiteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako dirua itzultzeko eskatu dio Realari. Guk kontu asko komunikabideetatik jakin ditugu, ez bestela.

Kontu hau lehenbailehen konpontzea nahi dugu. Baina Federazioko hauteskundeak ere hortxe datoz ate joka. Hor ere hainbat interes daude jokoan. Orain arte guri inork askok kasurik ez digute egin eta orain atzetik dabilzkigu.

Gu elkarte txikia gara eta guri halako eragin handirik ez digu egiten honek guztiak. Gure asmoa eta helburua futbol jokalari gazteei kirola egiteko aukera ematea da. Guk gure ibilbidea Kadeteen mailako talde batekin hasi genuen eta, ondoren, Erregional mailan ere urteetan ondo funtzionatu izan dugu. Gu, azken batean, kirol elkartean borondatez lanean ari garen gurasoak gara.

Futbol elkarte bezala aurrenengo hitzarmena egin genuenetik hamar urte inguru pasatu dira; ordutik maiz berritu izan ditugu hitzarmenak eta, iaz arte, beti ondo funtzionatu izan du. Realetik jasotzen dugun diru laguntza ez da irtenbidea, baina guretzako diru iturri hori arnasa da".

Beste herrietan egoera bera dago. Irakurri Urola Kostako Hitzako artikulua

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide