Jabi Agirre presoaren euroaginduaren aurkako manifestazioa gaur

Uztarria.eus 2008ko aza. 8a, 15:11

Gaur bete du Frantziak jarritako zigorra baina ez dute aske utzi; Espainiaren esku geratzeko arriskua du

Arratsaldeko zazpietan hasiko da ekimena, plazan

Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez, Jabi Agirre euskal preso politikoari euroagindua jakinarazi diote, eta gaur (larunbata) horren kontrako manifestazioa egingo dute herrian. 19:00etan hasiko da ekimena, plazan.

Poisin (Frantzia) daukate preso gaur egun. 2003ko urtarrilean atxilotu zuen Frantziako Poliziak, ETAko kidea delakoan. Xabier Etxeberria Txapi herrikidearekin batera harrapatu zuten. Espainiaren esku geratzeko arriskua du orain.

Hain zuzen, gaur bertan bete du Frantziako Justiziak ipini zion zigorra eta gaur irten behar zuen espetxetik. Atzo adierazi zioten, ordea, bere aurkako euroagindua daukala, Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatuta.

Hori iragartzen zenez, urriaren 21ean gose greba hasi zuen, eta zortzi kilo galdu ditu. Oraindik Frantzian jarraitu beharko du preso, euroagindu epaiketa egin eta epailearen erabakia ezagutu arte.

Urte hauetan guztietan Frantziako espetxeetan sakabanatuta egon da: Fleuryn, La Santen, Moulinsen, Fresnesen eta Poisin.

Azpeitiko AAMk salatu egin du presoen kontrako "gerra estrategia". "Frantziako eta Espainiako estatuek preso politikoei eta euren senideei opa diena sufrimendu etengabea da: larri gaixo diren presoak eta kondena beteta dituztenak bahituta dituzte espetxe ilunenetan, isolamenduak…".

Euskal Herriak gatazkak konponbidea behar duela dio AAMk.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi) Mureten (Frantzia) preso, 350 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. Poisin (Frantzia) preso, 950 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Garikoitz Etxeberria. (Kafe) Bonxen (Galizia) preso, 665 kilometrora. 2007ko otsailean atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide