Instituzioen erantzukizuna emakumeen kontrako indarkeria sexistan

Trini Orbegozo (Azpeitiko ezker abertzalearen izenean) 2008ko aza. 25a, 11:11

Azaroak 25 dela eta Euskal Herriko hainbat emakume eta gizon kalera aterako dira emakumeekiko dagoen indarkeria sexista salatzera. Politikariek beraien aurpegia zuritzeko erabiliko dituzte hainbat herrietako plazak, jende artean nahastu eta euren konpromiso falta ezkutatuz. Berdintasun politikak garatzeko konpromisorik hartzen ez dituzten politikariek eta itxurakerian gelditzen diren adierazpenek hartuko dute protagonismoa komunikabideetan.

Gaur egun emakumeen eskubideen alde egiten diren politikek ez dute telebista publiko zein pribatuetako publizitate sexista andana debekatzen, egunkari eta aldizkarietan emakumeen gorputzak objetu gisa saltzen jarraitzen dira, Hondarribian eta Irunen urteroko kuadro penagarriak bere hortan dirau, hezkuntza sisteman hezitzaile eta ikasleei zuzendutako derrigorrezko formakuntzarik ez dago, udaletxeak ez daude behartuta berdintasun plan eraginkorrak martxan jartzera, eta erasotuak diren emakumeei ez zaie behar bezala laguntzen beren egoerari aurre egiteko...

Honenbestez gizarte honetan emakume eta gizonen arteko botere harremanak bere hortan iraunarazten dituzten bitartekoak ikutu gabe gelditzen dira. Itxura hutsean gelditzen diren neurriak saltzen dizkigute baina ez dago arazoari adarretatik eusteko borondate politikorik.

Gaur egungo gazteek ondo ikasten dituzte gizarteak etengabe bidaltzen dizkien mezu patriarkalak, erasotzaileak bakoitzean gazteagoak dira eta eraso kopurua ez da inondik inora ere murrizten. Bortxaketak jaietan, emakumeen integritatearen aurkako mezuak, irainak, eta mehatxatutako milaka emakume…Aurten beste bost emakume erahilak izan dira euskal herrian eta batek desagertuta jarraitzen du.

Politikariak hausnarketa erreal bat egin beharrean daude, eraikitzen ari diren gizarte honetan horrelakoak gertatzen jarraitzearen erantzukizun nagusia beraiena baita. Bada garaia propaganda eta itxurakeriak alde batera utzi eta benetako neurri eraginkorrak diseinatu eta martxan jartzeko.

Bestalde, Euskal Herriko emakume guztiei dei egiten diegu jasandako eraso bakoitzaren aurrean altxatu eta geure buruak defendatzera, egoera horretan dauden emakumeei eskua luzatu eta geure elkartasuna erakustera. Emakume bat erasotzen den bakoitzean emakume guztiok erasotzen gaituzte eta.

Eta besterik gabe, bat egiten dugu Azpeitiko talde feministaren irakurketarekin eta antolatutako ekimen eta kontzentrazioekin. Gaur, azaroak 25, Azpeitiko plazan 19:30ean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide