Aurten ere etorriko da Benito Lertxundi Azpeitira kontzertua ematera. Oraintxe atera du azken diskoa, Itsas ulu zolia izenekoa, ez du sustapen emanaldi askorik egingo, baina haietako bat Izarraitz Pilotalekuan emango du, Orkatz Kultur Elkarteak antolatuta.
Abenduaren 27an (larunbata) izango da, 22:30etik. Sarrerak hamabost euro balio du aurrez erosita; bertan, hemezortzi. Salgai daude dagoeneko: Orkatzen, Zuhatzen, Ametsan, Izaron eta Igerilekuan.
Duela bi urte ere jo zuen Lertxundik Azpeitian, orduan ere Orkatzek antolatuta, eta leporaino bete zen Izarraitz.
Orduan bezala, Orkatz Kultur Elkartearen aldeko kontzertua izango da. Izan ere, elkarte hori 2002tik mehatxupean du Espainiako Justiziak. "ETAren egiturako parte izatea leporatuta, kontuak blokatuta ditu, enbargu prebentiboan dago, hiru hilero Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari kontuak aurkezten dizkio... "Mugimendu independentista" bukatu nahi dutela salatu du.
Horrek denak "gastu handiak" ekarri dizkio Orkatz Kultur Elkarteari, arduradunek uztarria.com-i esan diotenez. Gainera, 2002tik segurantzirik eza ere izan dute inbertsioak egiteko, egoitzan berritze lanak egiteko... Babesa eskatu dute eta laguntza ekonomikoa behar dutela diote.
Elkartea 1993ko ekainean ireki zuten, Erdi kalean. Taberna funtzioa ez ezik, kultur funtzioa ere betetzen du: antzerkiak, bertso saioak, kontzertuak, ipuin kontaketak, erakusketak... antolatu izan ditu.