Hurrengo urteko kudeaketa plana onartu du Kultur Mahaiak batzarrean

Kultur Mahaiko kideak, ostegunean, Baigeran egindako batzarrean.

Ildo nagusiak San Agustin, herriko ekitaldien egitaraua eta komunikazioa izatea erabaki dute

Kultur taldeek, norbanakoek eta Udalak osatzen dute Mahaia

Batzar garrantzitsua egin zuen atzo (osteguna) Azpeitiko Kultur Mahaiak, hurrengo urteko kudeaketa plana edota barne araudia onartu zituelako. Herriko kultur taldeek, norbanakoek eta Udaleko ordezkariek osatzen dute Mahaia, eta bertako Talde Eragileak egindako proposamen denak onartu zituzten batzarrean.

Udalak sustatuta, 2006ko otsailetik dago Kultur Mahaia Azpeitian eta, besteak beste, herriko arloko egitaraua antolatzeko eta azpiegituren funtzionamenduaz hitz egiteko eta erabaki nagusiak hartzeko sortu zuten. Mahaiak berak operatibitatean irabazteko, iazko abendutik Talde Eragilea dauka —hamabi kidez osatua aurten—, eta talde horrek jardun du proposamenak lantzen, eragileekin bilera sailak eginda.

Kudeaketa planaren arabera, hiru lan ildo nagusi daude: San Agustin kultur gunea, herriko ekitaldien egitaraua eta komunikazioa. Hori guztia aurrera eraman ahal izateko nahian, “tresna” bezala elkartea sortu eta erregistratzea erabaki du Kultur Mahaiak, eta ostegunean onartu zituzten estatutuak. Alex Silva Bide-Ona Sanjuandegiko Kultur Elkarteko kidea izendatu dute lehendakari.

Arlo horietan garatutakoa kontuan hartzeko eskatzen dio Mahaiak Udalari. Honek gune haren garrantzia azpimarratua du. “Kultur dinamikak herritarra izan behar du. Horretarako, eragileen parte-hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta hori bermatzea nahi dugu”, esan izan du legealdi hasieratik Leire Lazkano Udal Kultura batzordeburuak.

Kultur Mahaiak 2009ra begira kudeaketa plana eta zeregin zehatzak izango dituen arren, guneak oro har ikuspegi zabalagoz jokatu behar duela uste du, kultur arloaz kanpoko beste eragile batzuekin lankidetzan arituz-eta. Azkeneko hilabeteetako batzarretan aipatu izan dira festak, soziedadeak edo auzoak bezalako gaiak, eta aurrera begira horiek ere jorra daitezkeela iritzi dio Kultur Mahaiak.

San Agustin, azpiegitura garrantzitsua

Orain dela hamar urte onartu zuen Udalak San Agustin eraikina kultur erabilerarako izatea, eta Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioaren diru laguntza lortu zuen horretarako. Harrezkero, ordea, proiektuak geldialdi luzea eduki zuen, eta duela pare bat jarri zuten berriro martxan. Kultur Mahaiak, batik bat, ekipamenduari buruzko lanak egin ditu. “Kontuan hartu behar da orain hamar urte aurreikusi zuten ekipamendua zaharkituxe geratu zela, eta gaur egungo errealitateari egokitutakoa jartzeko lanetan ibili gara. Lortutakoaren ondorioz, orain edozein taldek antolatu ahal izango du teknikoki edozer motako ekitaldia San Agustinen”, esan du Mahaiak.

Kultur gunea 2009. urtearen hastapen aldera irekiko dutela uste dute eta, San Agustinek hasieratik martxa har dezan, hiru bat hilabeteetan Mahaiak berak kudeatuko du, behin-behinean.

Kultur egutegi orekatua

Kultur ekitaldiei dagokienez, San Agustineko egitaraua egiteaz gain, herriko egutegi bateratua osatzeko lanean dabil Mahaia. Arloak, hutsuneak, kale presentzia edota ekimen berriak bezalako gaiak ari da jorratzen, orekaren eta parte-hartzearen bila.

Mahaiak berak urtean behin Kulturaldia antolatzea erabaki zuten osteguneko batzarrean.

Komunikazioa landu

Komunikazioa ere arlo garrantzitsutzat jo du kudeaketa planean, eta kulturako webgunea eta karteldegi elektronikoak sortzeko egitasmoak onartu ditu batzarrak. “Izan ere, herritarrek taldeen ekimenen berri izateko ahalegin handiagoa egin behar dugula deritzogu”. Elkarteei komunikazio aldetik laguntzeko asmoa ere badu.

Azpeitiak 2010ean 700. urtemuga beteko duela-eta, Udalak osatuta daukan lan taldean laguntzeko xedea du, halaber.

Taldeen konpromisoa

Azpeitiko kultur eragileen ustez, “oso garrantzitsua da herriko taldeak Kultur Mahaian egotea eta elkarrekin aritzea. Herri ikuspegia zabaltzen da horrela; gauzak hobeto ikusten, egiten eta ulertzen dira”.

Hala, funtzionamendua ahal den egokiena izateko helburuz, Kultur Mahaiko eta honen Talde Eragileko barne araudiak onartu zituzten batzarrean. Taldeek besterik ez dute izango Mahaiko batzarrean botoa izateko eskubidea eta, aldi berean, gutxienez batzarren bi herenetan parte hartzeko betebeharra onartu dute, baita zuzendaritza karguetan eta Talde Eragilean egoteko konpromisoa ere —txandakako sistema jartzea erabaki dute—.

Hona hemen Kultur Mahaiko kideak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide