Txalo Saria eta herriaren omenaldia Aizpitarterentzat

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 1a, 10:12

Pilar Aizpitarte aktore azpeitiarrak Antzerki Topaketen eta herriaren omenaldia jaso zuen larunbatean. (Nerea Uranga)

Antzerkigintzan egindako lan "emankorra" saritzeko aurten sortutako Txalo Saria jaso zuen larunbatean Pilar Aizpitarte aktoreak

Antzerkian erakutsi duen "naturaltasuna eta hurbiltasuna" azpimarratu zituen Iñaki Errazkin alkateak

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen baitan aurten estreinakoz banatu den Txalo Saria jaso zuen atzo Pilar Aizpitarte Arozenak. Antzerkigintzan egindako lan "emankorragatik" saritu dute azpeitiarra, bide batez, merezitako omenaldi hunkigarria eskainiz.

Aizpitarteren lana eskertu nahi zuten herritarrez leporaino bete zen udaletxeko aretoa larunbatean. Kultura zinegotzi Leire Lazkanoren hitzekin hasi zen ekitaldia. Pilar Aizpitartek jorratutako ibilbideari erreparatuz, antzerkigintzan, telebistan eta zineman egindako lana goraipatu zuen, horrengatik guztiarengatik "esker ona" adieraziz.

Iñaki Errazkin alkateak omenduak antzerkigintzari emandako "naturaltasuna eta jendearengana iristeko erraztasuna" azpimarratu zituen. "Antzerkia pasioa izan da berarentzat, betidanik ikusi baitugu egiten zuena benetan gustatzen zitzaiola", azaldu zuen.

Hitzak, irudiak eta emozioak

Baina hitzez gain, antzerkiak ere tartea izan zuen atzoko omenaldian. Boni Alegria aktoreak ekitaldiaren seriotasuna leundu zuen bakarrizketa komiko bati esker. Jendearen algarak eta txaloak eragin zituen haren antzezpenak.

Aizpitartek zinemagintzan egindako lana ere ekarri zuten gogora atzo. 1987 urtean grabatutako Mateo Txistu filmaren zati bat ikusteko aukera izan zen, aktore azpeitiarraren lanaz berriro gozatu ahal izateko.

Imanol Eliasek bertsoa aukeratu zuen Aizpitarte omentzeko bidelagun. Azpeitia eta antzerkia izeneko bertso sorta eskaini zion bere lagunari, herrian antzerkiak eta Aizpitarteren lanak ezagututako ibilbidea azalduz .

Bukatzeko, Pilar Aizpitartek Txalo Saria jaso zuen alkatearen eskutik, txalo zaparrada artean. Antxieta antzerki taldean bidelagun izandako Leire Betegik lore sorta eta besarkada eman zizkion Azpeitiko aktoreari. Antzerkia bezain benetako "eskerrik asko" batekin agurtu zen Azpitarte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide