Jose Elorrieta izan zen, 1988an, ELAko idazkaritza nagusian Alfonso Etxeberria (Azpeitia, 1941) ordezkatu zuena, eta joan den ostegunera arte postu horretan egon da. Adolfo Muñozek (Mañueta, 1959) ordezkatu du.
Elorrietari (Loiu, 1951) hogei urte horiez hainbat elkarrizketa egin dizkiote azkenaldian, eta 1988ko garaiak ekarri ditu gogora. Adibidez, ELAren Landeia aldizkarian (2008ko azaroa, 152. zenbakia). Orduan sindikatuko zuzendaritzan gertatu zen aldaketa traumatikoa izan dela dio, eta lan talde berriak euskal gizartearekiko konpromiso handiagoa erakutsi nahi zuela. Etxeberria ere izan du gogoan: 1976an, dena aurka izanik, sindikatuaren ezaugarriak osatzen igarri zuen.
Francisco Franco Espainiako diktadorea hil eta urtebetera hartu zuen ELAko idazkari nagusi postua Alfonso Etxeberriak: 1976an, sindikatuaren hirugarren kongresuan, Euban. 21 urte zituela hasi zen ELAn, eta goi-goian zegoen 35 urte zeuzkala.
ELA berriz ere jaio egin zen, dio sindikatuak bere webean, eta Etxeberriak klandestinitatetik ateratze prozesua zuzendu zuela.
Etxeberriaren aroa
Edozein alderdirekiko independentziaren aldarrikapena eta bere izaera konfederalaren berrespena izan ziren 1976ko biltzarreko alderdirik azpimarragarrienak, ELAren arabera. Beste erabaki nagusiak: Karguen bateraezintasuna, kuoten bidezko finantziazio autonomoa eta erresistentzia kutxa.
Etxeberria 1988ko azarora arte egon zen karguan, eta hauek izan daitezke haren aroko beste data esanguratsu batzuk:
- 1977ko maiatzaren 2an, beste 180 erakunde sindikal eta profesionalekin batera, ELA legeztatu egin zuten Espainiako Estatuan.
- 1977ko Espainian Moncloako Ituna sinatu zuten hainbat alderdik eta eragile sozial eta sindikalek, eta ELA horren aurka agertu zen.
- 1978ko lehenengo asteetan egin zituzten franskimoaren ondorengo lehen hauteskunde sindikalak, eta ELA sindikatu nagusi bezala geratu zen Hego Euskal Herrian, UGT eta CCOOrekin batera.
- 1979ko urriaren 25ean egin zuten EAEko Estatutuaren erreferenduma, eta ELA alde agertu zen, nahiz eta arlo laboralean zeuden gabeziak eta Euskal Herriak bere helburu politikoak lortzeko zituen mugak salatu zituen, sindikatuak dioenez.
- 1982ko hauteskunde sindikaletan ELA nagusi, aldea handituz. Hego Euskal Herrian %28,7ko babesa lortu zuen.
- 1984-1985eko birmoldaketa industrial basatiaren aurka azaldu zen ELA, sutsuki. Euskalduna ontziolako gatazka ezaguna gertatu zen.
- ELAk 75. urteurrena bete zuen 1986an, eta orduan egin zuten seigarren kongresua, Bilbon. Alfonso Etxeberria hautatu zuten berriro idazkari nagusi.
Argitara atera beste erremediorik ez zait geratu
Alfonso ez da azaldu zale. Bere argazki gutxi ikusi izan da aldizkarietan. Berak dioenez, Zeruko Argiako hauxe du bere lehen elkarrizketa ofiziala, zioen Zeruko Argia aldizkariak 1976ko urtarrilaren 10ean, 707. zenbakian harekin egindako elkarrizketan (1987an beste bat argitaratu zuen, otsailaren 22an, 1.139. zenbakian).
Orain dela hamalau urte sartu nintzen ELAn. Ez naiz oso berria, beraz. Nire lagunek eta nik egin dugun lana barrukoa izan da, esan zuen Etxeberriak 1976an Zeruko Argia-n. Gogorra, astuna eta latza izan ohi da isileko lan hau. Aurrerantzean ere barruko lana egin nahi nuen. Baina argitara atera beste erremediorik ez zait geratu.
Ordura arte bistan lan egiteko aukera handiegirik ez zuen izan hark ere. Frankismoa izan baitzen 1939tik 1975era. Sindikalgintzan, gainera, ilunpe hau askoz ere gogorragoa izan da. Euren sindikatua biziberritzea oso zaila izan zela aitortu zuen, 40 urteko diktadurak ondorio latzak ekartzen dituelako erakunde batentzat. 1976ko batzarra beharrezko zitzaigun; alde batetik, ELA erregularizatzeko, gaurko egunera egokitzeko eta, bestetik, baseak oinarritu eta sindikatu zabal bat egiteko.
Asko zuten jokoan trantsizio garai haietan: Euskal sindikatua, indartsua ala ahula izatea. Hala, ELA azkar, agudo aurrera atera beharra ikusten zuen Etxeberriak, euskal langileen instituzio bat baita.
Helburu horrekin prestatu zuten 1976ko batzar hura. Zortzi hilabete eman zituzten prestaketa lanetan. Herriz herri ibili ziren, lantegiz lantegi eta taldez talde, bilerak, elkarrizketak eta azterketak ugari eginez. Gero, biltzar hark, aurreko urteetako esperientzia guztia eta borroka latzaren mamia jaso eta sindikalismoaren teoriak, egiturak, egitarauak eta jokabideak sakonki aztertzea suposatu zien, iritziak finkatzeko.
Etxeberriak ere azpimarratu zuen ELAren jardueraren autonomia osoa. Hori da haien balore handienetakoa: edozein alderdirekiko independentzia, inongo mutur sartzerik ametitu gabe kanpotik.
Horrez gain, ELA sindikatu gisa erabat iraultzailea zela zioen azpeitiarrak 1976an, kapitalismoaren aurkakoa, gizarte berri bat sortu nahiaz.
Europa, emakumea, teknologia
Frankismoa bukatu berritan galtzak bete lan zituzten arren, ordurako Europa ere aipatzen zuen Etxeberriak. Nahiz eta hemengo egoera politikoak zenbait berezitasun izan, guk beti Europan bizi garela pentsatu dugu. Alegia, Europako sindikalismoaren eite estrukturalak luzarora hemen ere nagusitu egingo zirela. 1976an zioen hori.
Emakumearen gaia ere aipatu zuen idazkari nagusi postua utzi aurreko urtean, 1987an; lan munduan hartzen ari den gero eta pisu nabariagoa ezin da ukatu. Era berean, teknologia berriak hizpide zituen orduko elkarrizketan. Ezin ahaztu teknologia berriak sartzen ari direla gogor ia sektore guztietan eta eragin aldakor izugarriak ekartzen dituela enpleguan eta lan aldaketan. Etorkizuneko sindikalgintzak arazo edo apustu hauei erantzun egokia eman behar die, imajinazioz eta sindikatuak berak indartuz. Gaur-gaurko gaiak duela hogei pasa, hortaz, haren buruan.
Langabezia kronikoa
Hitzetik hortzera dabil gaur egun krisi ekonomikoa, eta langabezia goraka doa. 80ko hamarkadan ere latza izan zen langabezia Euskal Herrian. %20tik gorakoa. Langabezia kronikoa deitzen zion horri Etxeberriak, eta politika ekonomikoak horretan oinarritzen zirela. Mugimendu sindikalak ezin du honelako azterketarik onartu inondik ere. Beste soluzio aurrerakoi eta berdintasunezkoak badirela pentsatzen eta sinesten dugu.
Sasoi hartan Europan ekonomiari behintzat mugak ireki izanak, adibidez, enpresa multinazionalen ugaritzea zekarrela zioen ELAko orduko idazkari nagusiak. Horrek, mugimendu sindikalaren erantzun baterakoi egokia eskatzen du.
Aldaketa 1988an, bi kongresuren erdian
Nahiz eta ELAk zazpigarren kongresua 1990ean egin behar zuen eta hala egin zuten, 1988an idazkari nagusia aldatzea erabaki zuen. Azaroaren 21ean egin zuen aldaketa ELAko Batzorde Nazionalak, eta Jose Elorrieta jarri zuen Etxeberriaren partez. Ondoren eraberritu zuten Batzorde Eragilea.
Alfonso Etxeberriarekin ELA berpiztu eta sendotu egin zela dio sindikatuak, baina konfederazio organoen bizitasun handiagoaren beharrean eta kidetasun handiagoaren beharrean zirela. Kanpora begira irekiago behar zuen ELAk, Batzorde Nazionalaren ustez. Euskal Herriko sindikatu nagusi bezala, presentzia eta eragin handiagoa izan behar zuen gizartean.
Gaindegian 2005ean
Orain dela lau urte jatorri eta izaera desberdineko eragileek Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia sortu zuten, eta Alfonso Etxeberria zuzendaritzan sartu zen hurrengo urteko urtarrilean.