EAk udal gobernua utzi du

Uztarria.eus 2008ko abe. 3a, 21:12

"Ezin gara lankidetzan aritu gaurko atentatua gaitzestu ez dutenekin", esan du zazpiak aldera Unai Ziarreta alderdiko lehendakariak

Iaztik egon da EA Iñaki Errazkin alkatearen udal gobernuan, EAE-ANV, Aralarrek eta hirurek akordioa lortu ondoren

Unai Ziarreta EAko lehendakariak arratsaldeko zazpiak aldera esan du bere alderdiak Azpeitiko udal gobernua utzi duela, "ezin garelako lankidetzan aritu gaurko atentatua gaitzestu ez dutenekin". Ezker abertzaleko taldeak, seietan egin duten ezohiko udalbatzarrean, ez du salatu Inazio Uriaren hilketa —ustez ETAk hil du Altuna y Uriako enpresaria, Loiolan, tiroz—. "Ez dugu (ezker abertzaleko taldean) borondate argirik ikusi gaitzesteko", esan du Ziarretak, eta ondoren hartu dutela neurria.

EAk 19:01ean bidali du prentsa oharra komunikabideetara, horixe egiaztatuz. "Giza eskubide denen aldeko defentsa" berretsi du Eusko Alkartasunak, eta bide politikoak baino ez direla erabili behar. "Euskal Herrian indarkeriak ez du lekurik, bide subiranisten aldarrikapena ez da bateragarria ETAren atentatuekin".

Azpeitian izan da gaur (asteazkena) Ziarreta, EAko bi zinegotziekin bildu da —Rafa Larreina EAko zuzendaritzako kidea ere izan da bileran—, eta hartutako erabakiaren berri Iñaki Errazkin alkateari eman diotela jakinarazi du.

EAk bi zinegotziek ez dute adierazpenik egin nahi izan erabaki horretaz. EAren jarrera ofizialera mugatzeko eskatu diote Urola Kostako Hitza-ri.

EAE-ANVk (sei zinegotzi), EAk (bi) eta Aralarrek (bat) akordioa lortu eta Iñaki Errazkin ANVko zerrendaburuak alkatetza eskuratu zuen iaz, ekainaren 16an, eta harrezkero hiru alderdiek osatu dute udal gobernua.

Gaur arratsaldean, Azpeitiko bilera horren aurretik, Ziarreta EAko lehendakariak, horrela segitzeko, Errazkinen ezker abertzaleko taldeari atentatua gaitzesteko eskatu dio, bestela babesa kenduko ziela.

Iñaki Galdos Gipuzkoako EAko presidenteak babesa kentzeak zer esan nahi duen argitzeko eskatu du seiak aldera, eta Errazkinen kontrako zentsura mozioa aurkeztu beharko litzatekeela. "Ezinezkoa da atentatu hau gaitzesten ez duenarekin kolaboratzea".

EAJ da Udaleko oposizioko talde bakarra: zortzi zinegotzi. 1977tik iaz arte beti EAJkoa izan zen Azpeitiko alkate.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide