Ostiralean egingo dute Inazio Uriaren aldeko hileta elizkizuna, eta ondoren manifestazioa

Uztarria.eus 2008ko abe. 3a, 21:12

Jaurlaritza, Confebask, Adegi, Aldundia eta Eudelek deitu dute protesta, "ETAri kanpora esateko"; gaurko hilketa salatuko dute

Zapatero Espainiako presidentea Azpeitian izango da ostiralean

Bihar udaletxe aurrean elkarretaratzea izango da, 12:00etan hasita; beilategia bihar zabalduko dute, 19:00etan

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi du gaurko (asteazkena) atentatuaren aurkako manifestazioa egingo dutela Azpeitian, Inazio Uriaren aldeko hileta elizkizunaren ondoren —ustez ETAk hil du Altuna y Uriako enpresaria, tiroz, Loiolan—, eta arratseko zortziak aldera jakin da hileta eta manifestazioa ostiralean izango direla, ez bihar (osteguna).

Hain zuzen, 19:30ean hasiko da hileta, Soreasuko Sebastian parrokian, eta Juan Maria Uriarte Donostiako gotzainak emango du meza. Beraz, 20:30ak aldera izango da manifestazioa.

Camona Azpeitiko beilategia bihar zabalduko dute, 19:00etan.

Eusko Jaurlaritzak ez ezik, Confebask, Adegi, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eudel EAEko udalen elkarteak ere deitu dute manifestazioa, elkarrekin. "ETAri kanpora esateko egingo dugu manifestazioa", esan du Ibarretxek gaur arratsaldean erakunde haietako ordezkariekin egindako agerraldian. "Gure artetik behin betiko irteteko esango diogu".

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea Azpeitian izango da, hiletan eta manifestazioan.

Biharko, berriz, 12:00etarako, EAEko udaletxe aurre denetarako elkarretaratzea deitu du Jaurlaritzak. Ordu laurdenekoa izango da.

Lehenago, 10:30ean, Altuna y Uria enpresako langileek bilkura egingo dute Azpeitian, Loiolan duten egoitzan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide