Inazio Uriaren hil kapera arratsaldeko zazpietan irekiko dute herritarrentzat

Uztarria.eus 2008ko abe. 4a, 10:12

Komunikabide ugari bildu da beilategi atarian gaur. (Urola Kostako Hitza)

Goizean tanatorioa hildakoaren senideentzat eta agintarientzat zabalduta egongo da

Bihar (ostirala) egingo diote hileta elizkizuna, 19:30ean, Soreasuko Sebastian parrokian

Inazio Uria Mendizabalaren hil kapera arratsaldeko zazpietan irekiko dute jendearentzako, Azpeitiko beilategian. Gorpua dagoeneko ekarri dute Donostiatik, eta goizeko bederatzietan hildakoaren senideentzat eta agintzarientzat zabaldu dute tanatorioa. Komunikabide ugari bildu da atarian.

Altuna y Uriako enpresaria zen Inazio Uria, eta ETAk atzo (asteazkena) hil egin zuen, tiroz, Loiolan.

Bihar, ostirala, egingo diote hileta elizkizuna, 19:30ean, Soreasuko Sebastian parrokian. Juan Maria Uriarte Donostiako gotzainak emango du meza, eta hiletaren ostean hilketa salatzeko manifestazioa egingo dute Azpeitian bertan, Confebaskek, Adegik, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eudelek deituta.

Gaur goizeko hamar eta erdietan elkarretaratzea egingo dute Altuna y Uriako lankideek, ELAk antolatuta. Langile batzordeak bat egin du deialdiarekin. Eguerdian, berriz, udaletxe atarian protesta bilkura egingo da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide