EAJk zentsura mozioa sartuko du, EA edo Aralarren babesa badu

Uztarria.eus 2008ko abe. 4a, 12:12

Neurria aurkezteko eta honek aurrera irteteko gehiengo osoa behar da eta jeltzaleei boto bat falta zaie Azpeitian; EA eta Aralarreko zuzendaritzek ez dute baiezkorik eman, gaur behintzat

Maiatzean EAJ bakarrik geratu zen alkatearen dimisioa eskatzean, Carrascoren hilketa zela-eta; ezker abertzaleko taldea, EA eta Aralarren mozioa nagusitu zen

Azkeneko albistea (18:15). Ziarretak dio EAJ boterearekin pentsatzen ari dela, "gorpua oraindik bero" dagoela

Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko (GBB) presidenteak jakinarazi du, Azpeitiko ezker abertzaleko taldeak Inazio Uriaren hilketa gaitzetsi ez duela-eta, Iñaki Errazkin alkatearen aurkako zentsura mozioa sartuko duela. Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) buruak berretsi egin du asmoa. Pauso hori emateko, ordea, EAren edo/eta Aralarren babesa beharko duela aitortu du Egibarrek.

Izan ere, zentsura mozioa aurkezteko eta honek aurrera irteteko gehiengo osoa behar da, eta EAJk ez du halakorik Azpeitiko Udalean. Zortzi zinegotzi ditu eta bederatzi behar dira, hamazazpi zinegotzik osatzen dutelako herriko Udala. EAk bi hautetsi ditu eta Aralarrek bat. Ezker abertzaleko taldeak, sei.

Aralarrek gaur esan du ez duela zentsura mozioaren aukera aztertu, eta "ezkertiarra" ez den proposamenik ez duela babestuko jakinarazi du.

Unai Ziarrreta EAko lehendakariak ez du ezer argitu gaur mozio horretaz. Hurrengo pausoak zein diren ikusi beharko dela adierazi du.

Maiatzaren 8ko udalbatzarrean EAJk Errazkinen dimisioa eskatu zuen, ETAk Arrasaten Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohia hil zuela-eta, baina mozioak ez zuen aurrera irten, EAJ bakarrik geratu zelako. Udal gobernuaren mozioa nagusitu zen.

Iazko ekainetik atzora (asteazkena) arte ezker abertzaleko taldea —horko kidea da alkatea—, EA eta Aralar egon dira udal gobernuan. Atzo EAk udal gobernutik irten zuen, Errazkinen taldeak "gaitzespen argirik" ez zuelako agertu.

.1977tik iaz arte beti EAJkoa izan zen Azpeitiko alkatea.

Azkeneko albistea (18:15). Ziarretak dio EAJ boterearekin pentsatzen ari dela, "gorpua oraindik bero" dagoela. Unai Ziarreta EAko lehendakariak EAJren jokabidea kritikatu du, Inazio Uriaren "gorpua oraindik bero" dagoela jeltzaleek Azpeitiko Udalean boterea lortzeko asmoa dutelako. "Karroñerismo politikoa da hori". Euskadi Irratiak eman du informazio hori.

Patxi Zabaletak EAJri leporatu dio ez duela bere alderdiarekin hitz egin (16:25). Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak EAJri leporatu dio eurekin hitz egin gabe eman duela zentsura mozioa aurkezteko asmoaren albistea. "Ez da hori jokatzeko modua", esan du Zabaletak gaur, Gasteizen. "Gainera, EAJk ez du gehiengo osorik Azpeitiko Udalean".

EAJrekin "hitz egiteko prest" azaldu da Aralarreko burua, eta ez du jakinarazi zer erabaki hartuko luketen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide