Jendetza Loiolan eta plazan

Uztarria.eus 2008ko abe. 4a, 13:12

Goi-goiko eta erdiko argazkietan, gaur eguerdian plazan egin duten elkarretaratzea. Beheko argazkian, ELAk deitutako bilkura, Loiolan.

Herritar eta eragile ugarik salatu dute Inazio Uriaren hilketa

10:30ean Loiolan bildu dira; "ETA soberan dago, aspalditik", esan du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak

Eguerdian plaza bete egin da; han izan da Ibarretxe

Elkarretaratze jendetsuak egin dute gaur (osteguna) Azpeitian Inazio Uriaren hilketa salatzeko. 10:30ean hasita Loiolan egin dute bilkura, ELA sindikatuak deituta, Altuna y Uria enpresaren egoitzaren aurrean. 12:00etatik aurrera, berriz, plazan elkartu dira, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Confebask, Adegi, Eudel EAEko udalen elkarteak deituta.

Abertzaleak eta langileak garelako ez gaude ados zioen Loiolako kontzentrazioko leloak. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusi hautatu berriak parte hartu du elkarretaratzean, eta ETA soberan dagoela azpimarratu du kazetariei egindako adierazpenetan. "ETA soberan dago, aspalditik. Bide zibil, politiko eta sindikalak behar ditugu, ez dugu behar ETArik. Eskertuko genioke jardun armatua utziko balu", adierazi du.

Elkarretaratzea ELAk antolatu eta langile batzordeak babestu arren, hainbat agintari eta alderditako buruzagi ere hurreratu dira: Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Rafaela Romero Batzar Nagusietako lehendakaria, Eneko Goia, Maria Jesus Aranburu eta Edurne Egaña foru diputatuak, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia eta Rodolfo Ares alderdi bereko zuzendaritzako kidea.

Altuna y Uriako langileen batzordeko hamar kide ELAkoak dira eta beste biak LABekoak.

Plazako elkarretaratzean alderdien artean Azpeitiko Udaleko talde denak izan dira (EAJ, EA eta Aralar), ezker abertzaleko taldea izan ezik. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere han izan da, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ere bai, beste askoren artean. Inazio Uriaren sendikoek ere parte hartu dute.

Plaza bete egin da. Pankartarik gabe bildu dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide