Aspaldi ezagutu nuen Inazio Uria. Gu Azpeitian bizi ginen garaian Urola ibaiaren alde batetik bizi ginen, eta Uria familia, Azkunetarrak, beste aldetik bizi ziren. Horrez gainera elkar asko ikusten genuen Loiola aldean, badakit behin baino gehiagotan Urangan edo Loiolatxo elkartean ere basoerdi baten aitzakian berriketaldi bat baino gehiago egin genuela. Beraz, hurbiltasun horretatik datorkit haren eta bere familiaren ezagutza.
Bestalde, gero etorri zen beste ezagutze berezi bat ere. Inazio Garagartzatxo baserriko Manolirekin ezkondu zen; hain zuzen, gure jaiotetxeko baserri hurrenena Garagartzatxo da eta gure familiarekin harreman zuzen handia izan du orain arte ere. Hantxe ikusi nuen Inazio azkenekoz, larunbat arratsalde batean.
Uriatarrak ezerezetik hasi eta enpresa handi bat sortu dute ekinaren eginez. Lan asko eginda. Hain zuzen, enpresa horretako 400 langile ingururen artean gure anaia Tomas haien langilea izan zen erretiroa hartu zuen arte. Hortik ere, beraz, Uriatarrei badiegu gure zorra.
Baina datuak xehetzeko baino, bihotzari tokia emateko memento hobea dela uste dut. Inazio gizon atsegina zen, solaskidea, arrunta, batere harrokeriarik gabekoa, langile porrokatua (Uriatarrak denak diren bezala). Urola aldeak eta Euskal Herria osoak zor handia die, betirako zorra.
Inaziok ez zuen horixe merezi. Izan ere, hurak bere hiltzaileak baino askoz ere meritu gehiago eta hobeak egin baititu Euskal Herriaren alde. Alde horretatik, betirako zorra gelditzen zaigu eta nik betirako aitorpena egin nahi diot.