Berrikuntzaz beterik dator Azpeitiko VIII. San Silbestre lasterketa herrikoia

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 12a, 17:12

Probako antolatzaile, babesle eta parte-hartzaile batzuk, ostegun iluntzean, aurkezpenean.

Xeye Atletismo Taldeak Azpeitiko Udalaren babesarekin antolatutako proban izena emateko epea zabalik da; abenduaren 31n izango da lasterketa, Azpeitian

Antolaketa gero eta profesionalagoa egin asmoz, txipa erabiliko dute estreinakoz

Aurtengo San Silbestren ere bildutako dirua 'Urola Kostako Hitza'-ri emango diote antolatzaileek

Aurreko urteetako asmo berarekin, "lasterketa hobetzeko asmoarekin", antolatu du Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo Taldeak aurtengo VIII. San Silbestre Lasterketa herrikoia. Ohi bezala, urte zahar egunean izango da (abenduaren 31n), Azpeitian.

Adin guztietako herritarrei zuzendutako lasterketa herri barruko zirkuituan egingo da aurten ere. 150 eta 30 euro bitarteko sariak jasoko dituzte lehenen sailkatutako hamar kirolariek eta izena ematen duten guztiek hartuko dute partehainbat opariren zozketan. Dortsalekin batera elastiko tekniko bana jasoko dute korrikalariek.

Aurtengo lasterketan nobedade ugari izango da. Batetik, ibilbideari zegokion arazo bati irtenbidea emango diote: lasterketa nagusiko lehendabiziko itzulian kadeteek eta jubenilek helmugatik igaro behar dutenez, Erdi Kaletik sartuko dira korrika saioa bukatzeko. Helduek eta nagusiek Donejakue Kaletik (Pilotalekutik) jarraituko dute lasterketa.

Bestetik, aurten estreinakoz Izarraitz Pilotalekuan aldagelak eta dutxak erabiltzeko moduan izango dira. Gainera, Baigera Jubilatuen Elkarteko kideak bertan izango dira lasterketan parte hartuko dutenen gauzak zaintzen, boluntario moduan.

Hala ere, aurtengo San Silbestreko berrikuntzarik nabarmenena txip-a erabiltzen hasiko direla da. "Sailkapenak garaiz eta egoki ateratzeko helburuarekin erabiliko ditugu txipak", adierazi du Xeye taldeko kide Joseba Agirrek.

Kirola, denen eskura

Iaz 1.000 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen Azpeitiko San Silbestreak. Dena dela, zortzigarren urte honetan ere izaera herrikoia mantenduko du lasterketak. Horretarako, emakumeen partaidetza ere garrantzitsua izango dela aipatu dute antolatzaileek.

Ildo horretatik, Bagitxitxin taldeko partaide Mamen Etxanizek adierazi zuenez, "gu bezala, urte osoan kirola egiten dutenentzako urtea bukatzeko modurik onenetakoa da eta lagun artean egiten badugu, harik eta hobeto". Herrian lasterkan ateratzeko «lotsari aurre egin» eta emakumeak parte hartzera animatu zituen Etxanizek.

San Silbestre lasterketa ondo ezagutzen duen korrikalari batek, Agustin Jimenezek, herrikoentzat lasterketa "polita" dela adierazi zuen, "jendeak animatu egiten zaituelako". "Denok dakigu korrika egiten, batzuk gaitasun gehiago daukaten arren, eta zailtasunak dituztenek egiten duten ahalegina oraindik txalogarriagoa da".

Ildo beretik hitz egin zuen Azpeitiko Udaleko ordezkari Manuel Unanuek. "Gure asmoa da Azpeitian ahalik eta jende gehienak egitea kirola, baina kalitatez, astakeriarik egin gabe".

Aurreko urteetan bezalaxe, aurtengo San Silbestren bildutako dirua Urola Kostako Hitza egunkariari emango diote antolatzaileek. "Hizkuntza gutxitu batean lana egiten duen edozein hedabide bezala, Urola Kostako Hitza-k bere zailtasunak ditu bidean eta Xeyek eta Azpeitiko Udalak ematen diguten laguntza oso garrantzitsua da guretzat», esan du Urola Kostako Hitza-ren zuzendari Amaia Mendizabalek.

Urtero moduan, sailkatzen den eskualdeko lehen korrikalariari Hitza Saria oroigarria emango diote. Gainera, egunkariaren urtebeteko 20 doako harpidetza zozkatuko dituzte eskualdeko parte-hartzaile guztien artean.

VIII. San Silbestre lasterketa

Eguna. Abenduaren 31.
Irteera eta helmuga. Azpeitiko plazan.
Ibilbidea. 8,3 kilometro.
Izen-ematea.
- Azpeitiko Aitzaki Kirolak eta Azkoitiko Plaza Berri Sport kirol dendetan (abenduaren 27a arte).
- Urola Kostako Hitza-ren Azpeitiko eta Zarauzko egoitzetan (abenduaren 20a baino lehen). Abenduaren 22tik Azpeitian Uztarriaren egoitzan.
- www.herrikrossa.com webgunean (hilaren 29ko gauerdia bitartean).
- Probaren egunaren aurretik, 8 euro; egunean bertan (45 minutu lehenago arte), 15 euro.
Antolatzaileak. Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletsismo Taldea. Babeslea: Azpeitiko Udala.
Sariak. Sailkatutako lehen 10 korrikalarik diru sariak jasoko dituzte. Eskualdeko lehenak Hitza Saria eskuratuko du. Parte-hartzaileen artean opariak zozkatuko dituzte.

Lasterketak

10:30. Benjamin neska-mutilak: 700 metro, zirkuitu txikiari itzulia.
10:40. Alebin neska-mutilak: 1.300 metro, bi itzuli.
10:50. Infantil neska-mutilak: 1.900 metro, hiru itzuli.
12:00. Lasterketa nagusia. Kadeteek 4.150 metro, zirkuitu handiari itzuli bat. Gainontzeko guztiek 8.300 metro egingo dituzte, zirkuituari bi itzuli emanda.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide