Sanjuandegiko Urbitarte auzoko plazan haurrentzako parkea jarriko du Udalak. Auzo horretako bizilagunei jarri asmo dituzten joku eta jolasen egitasmoa bidali die, eta haien erantzunaren zain daude, haur parke hori jartzeko.
Sanjuandegi auzoan 5000 herritar inguru bizi dira, eta haurrentzako bi jolas gune daude. Xanet Esnaola alkateordearen arabera, "azpiegiturak urriak zirela uste genuen eta ondo iruditu zitzaigun plazatxoa umeen azpiegituretara egokitzea".
Udalaren asmoa urtarrilean bertan lanekin hastea da. Parke berria estaligabea izango da, baina herritarrek estalitako parkea egiteko eskariak helarazi dituzte. Urte guztian erabilgarria izango den azpiegitura bat jartzeko aukerak ere aztertzen ari direla azaldu dute Udaletik.