'Zuk ere ahal duzu!!! Etorri lasterka egitera' ekimena urtarrilaren 22an hasiko da

Uztarria.eus 2009ko urt. 9a, 11:01

Azpeitiko Udalak antolatutako ekimena Azpeitiko emakume guztiei zuzenduta dago

Sei asteko programa izango da eta astearte eta ostegunetan elkartuko dira

Azpeitiko Udalak, hirugarren urtez, ‘Zuk ere ahal duzu!! Etorri lasterka egitera’ ekimena jarri du abian. Urtarrilaren 22 hasiko da eta Azpeitiko emakume guztiei zuzenduta dago.

Sei asteko programa izango da. Denbora horretan "norberaren aisialdia denboran korrika egiteko ohitura bultzatu nahi dugu. Bertan sortzen den lagunarte eta giro jatorrak, aurrerantzean taldean korrikan jarraitzeko aukera paregabea eskaintzen du”, adierazi dute antolatzaileek. Horrez gain, Donostiako bost kilometroko ibilbidea duen Lilaton lasterketan parte hartu ahal izateko gaitasuna lortzen lagunduko duten saioak emango dituzte.

Astearte eta ostegunetan izango da, goizez 10:00etatik 11:15etara eta arratsaldez 18:15etatik 19:30era. Arratsaldeko taldeari, aurten lehenengo aldiz, Kirol ekintzarako zaintza zerbitzua eskainiko zaio osagarri moduan. “4-7 urte bitarteko ludoteka zerbitzua eskainiko da” adierazi dute antolatzaileek. Zerbitzu hori ludotekan emango da, 18:00etatik aurrera, eta tituludun begiralea arduratuko da bertan dauden umeetaz.

‘Zuk ere ahal duzu!! Etorri lasterka egitera’ ekimenean parte hartzeko, izena igerilekuan eman behar da. Urtarrilaren 15ean, 10:00etan eta 18:15ean, bilera informatiboa egingo dute antolatzaileek. Bilera horretan, partaideen zalantzak argituz gain, joan den urteko partaide batzuk euren esperientzia azalduko dute.

Informazioa gehiagorako 943 15 00 95 edo 943 81 41 21 telefono zenbakira deitu behar da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide