Demokrazia 3.000.000 (D3M) hautesleen elkarteak martxoaren 1eko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskundetan hautagaiak aurkezteko sinadurak biltzeko mahaia jarri dute gaur, asteartea, Azpeitiko udaletxean ere.
Udaletxeko sarreran dago mahaia, eta astelehenetik ostiralera eman daiteke sinadura, 09:00etatik 14:30era eta 15:00etatik 18:00etara. Larunbatetan, berriz, 09:00etatik 12:45ak arte egongo da irekita. Udalak adierazi duenez, San Sebastian bezperako astelehenean goizez soilik egongo da sinatzeko aukera.
Eusko Legebiltzarrerako bozetarako hautagaitza aurkezteko gutxienez ia 18.000 sinadura beharko ditu plataforma berriak: 5.700 Gipuzkoan, 9.500 Bizkaian eta 2.700 Araban. Hautagai zerrendak urtarrilaren 21a eta 26a bitartean aurkeztu beharko dituzte.
Joan den larunbatean aurkeztu zuten D3M, Bilbon, eta ezker abertzaleko kide ezagunak izan ziren agerraldian.