Inazio Uriaren familiak hilero egingo du elkarretaratzea hemendik aurrera

uztarria 2009ko urt. 13a, 10:01

Hileko hirugarren egunean elkartuko dira, Loiolan

ETAk enpresaburua hil zuenetik astero egin dute kontzentrazioa

ETAk abenduaren 3an hil zuen Inazio Uria enpresaburua, Loiolan, eta honen sendiak hemendik aurrera hilaren hirugarren egunez elkarretaratzea egingo du, han. Atentatuaz geroztik astero bildu izan dira, asteazkenero —asteazkena zen abenduaren 3a—, baina atzo (astelehena) jakinarazi zuten orain hilero elkartuko direla.

"Egunerokotasunari heltzeko garaia" iritsi zaiela diote; "gure senar eta aitak egingo lukeen moduan. Beragandik ongi ikasia genuen bezala aurrera egin beharra dago ahal dugun moduan, lanez eta kemenez".

Uriaren kontrako hilketa ez ahazteko eta "ETAren basakeria gaitzesteko" segituko dute bilkura egiten. Orain arte familia arteko giroan elkartu izan dira, sendiak hala nahi zuelako, ordu laurdenez.

"Inaxioren hilketa azkena izan dadila", esan dute, berriro. Giza eskubideen aldarrikapen bat egin nahi genuke. Edozein errebindikaziok giza eskubide guztiak errespetatu behar dituela gogoratuz, bizitzeko eskubidea aurrena".

Hedabideetara bidalitako oharraren bidez, "bihotz-bihotzez" eskerrak eman dizkiete atentatuaren ondoren "babesa eta elkartasuna" erakutsi dieten guztiei.

Uria Mendizabal familiaren oharra komunikabideentzat

"Azken hilabete honetan egin ditugun elkarretaratzeen ostean, egunerokotasunari heltzeko garaia heldu zaigu, gure senar eta aitak egingo lukeen moduan. Bide gogor honi nolabait eutsi beharrean aurkitzen gara, gure aitaren hutsunea bete ezina baita, baina beragandik ongi ikasia genuen bezala aurrera egin beharra dago ahal dugun moduan, lanez eta kemenez.

Inaxioren oroimena gure bihotz barrenean izango da betirako, gogoan dena ez baita sekula hiltzen. Hala eta guztiz ere, hilabete bakoitzaren hirugarren egunean elkarretaratzea egiten jarraituko dugu, batetik gure aitaren oroimenak bizi jarrai dezan eta bestetik ETAren basakeriak gaitzesteko.

Ez gara inoiz nekatuko abenduaren 23ko agirian esan genuena eta ETAri egin genizkion galderak errepikatzen. Hau al da Euskal Herria askatzeko duzuen modua? Zuen hilketa eta atentatuekin ez dago aurrerapausurik, ezta irtenbiderik ere, sufrimendua eta gorrotoa baino ez. Inaxioren hilketa azkena izan dadila. Ez dezala beste familia batek ere gu jasaten ari garen nahigabea pasa. Hori da gehiengoak nahi duena, hori da euskaldunok nahi duguna.

Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiogu bihotz-bihotzez beste behin gure ondoan babesa eta elkartasuna erakutsi diguten guztiei.

Gure aita bezala injustuki erahilak izan diren biktima guztiak gogoratu nahi genituzke, gure elkartasuna eta itxaropena erakutsi eta gehiago biktimarik egon ez dadin eskatu.

Honekin, Giza Eskubideen aldarrikapen bat ere egin nahi genuke. Edozein errebindikaziok giza eskubide guztiak errespetatu behar dituela gogoratuz, bizitzeko eskubidea aurrena".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide