Loiolako elkarrizketez liburua aterako dute

Uztarria.eus 2009ko urt. 16a, 17:01

Imanol Murua Uria kazetariak idatziko du, Tene Mujika beka lortu ostean

2006ko udazkenean bake eta konponbideari buruzko negoziazioak egin zituzten EAJk, Batasunak eta PSE-EEk

Orain dela hiru urteko udazkenean Loiolan oso bilera politiko garrantzitsuak egin zituzten Euskal Herriko hiru alderdi nagusietakoek: EAJk, Batasunak eta PSE-EEk. Bake eta konponbideari buruzko negoziazioek ez zuten orduan emaitzarik eman, baina arrasto handia utzi zuten.

Erabaki eskubideaz, lurraldetasunaz edota esparru juridikoaz negoziatu zuten hamabi bileratan, eta orain Imanol Murua Uria kazetariak (1966, Zarautz) orduko elkarrizketa haiei buruzko liburua argitaratuko du, Tene Mujika beka hari eman baitiote proiektu hori aurkeztuta. Gaur (ostirala) jakinarazi dute berria bekaren antolatzaileek: Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak. Loiolako hegiak izena jarri dio proiektuari hark.

Proiektuaren emaitza zein izango den aurrez jakiterik ez dagoen arren, "argi" du zer lortu nahi duen. Alde batetik, Loiolako negoziazio politikoei buruzko "ahalik eta kontakizun zehatzena" egin nahi du. Bestetik, "etorkizunari begira ondorio batzuk ateratzen ahalegindu" nahi du; hain zuzen ere, "zerk huts egin zuen eta ahalegin hark etorkizunari begira zer oinarri baliagarri utzi dituen".

Hori guztia egiteko, ordea, Loiolako elkarrizketak ahalbidetu zituen prozesu osoa ere kontatuko du. Bestalde, proiektua egiteko hainbat iturrirekin lan egingo du, eta negoziaketetako protagonista nagusiei elkarrizketa bana egiteko asmoa du, "beraiek horretarako prest badaude behintzat".

Murua Uriak lehendik Irlanda eta Palestinako gatazka nahiz bakebideei buruzko liburu bana egina du. Euskaldunon Egunkaria, Berria, Jakin eta Argia-n aritu izan da kazetari —Berria-n kolaboratzaile dihardu—. Bi aldiz irabazi du Rikardo Arregi saria eta beste behin Argia saria, kazetari lanengatik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide