Iñaki Errazkin alkateak biharko udalbatzarraren inguruan liskarrak saihesteko deia egin du

Uztarria.eus 2009ko urt. 16a, 20:01

"Herrian dagoen tentsio eta egonezinaren aurrean" adierazpena plazaratu du

Ertzaintzari bihar goizean "plazara ez hurbiltzea" eskatu dio

Iñaki Errazkin alkateak bihar (larunbata) beraren aurkako zentsura mozioa bozkatzeko egingo den udalbatzarraren inguruan "herrian dagoen tentsio eta egonezinaren aurrean" adierazpena egin du, "liskarrak" saihesteko eskatuz.

Herritarren artean liskarrak sortzea alkateak eta bere taldekideek nahi duten "azkena" dela-eta, udaletxera inguratuko diren herritarrei lasaitasunerako deia egin die Errazkinek. Bestetik, Ertzaintza "plazara ez hurbiltzea" eskatu du, honen presentziak "liskarrak ekidin baino tentsioa areagotzeko besterik ez duelako balioko".

Bi puntuko adierazpena plazaratu du Azpeitiko alkateak, honako hau esanez:

"Bihar, azkena nahi duguna herritarren artean liskarrak egotea da. Hau honela, liskarrak ekiditeko jarreraz joka dezan eskatzen diot bertaratuko diren herritarrei".

"Honekin batera Ertzaintzari bihar goizean plazara ez hurbiltzea eskatzen diot, udaltzainek beteko duten lana beste inork ordezkatu beharrik ez dagoelako eta Ertzaintzaren presentzia polizialak liskarrak ekidin baino tentsioa areagotzeko besterik ez duelako balioko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide