Herritarren eskariei erantzunez, bost egitasmo onartu ditu Udalak

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 17a, 11:01

Udaletxe atzeko estalitako haur parkea edota Urrestillako haur eskola eta ludoteka daude proiektuen artean

Espainiako Gobernuak obra publikoak sustatzeko agindutako diru laguntzetan Azpeitiari 2.487.393 euro dagozkio

Herritarren eskaera "nagusiei" erantzuteko asmoarekin, bost egitasmo egitea onartu zuten ostegunean, udalbatzarrean, aho batez: udaletxe atzeko plazan estalitako haur parkea egitea; Urrestillako eskolatako-goian bezala ezagutzen den tokian, perretxikoa haur eskola izateko berritzea eta ondoko lokal batean ludoteka jartzea; San Martin egoitzako lorategia berritzea; eta Sanjuandegin, Barretxean eta Salben, eta Garmendi Gainean oinezkoentzako espaloiak berritu eta aparkaleku berriak egitea. Bost egitasmo horiek finantzatzeko, Espainiako Gobernuak obra publikoak sustatzeko emango dituen diru laguntzen eskaera egingo du Udalak.

Otsailerako erantzuna

Iñaki Errazkin Azpeitiko alkateak udalbatzarrean azaldutakoaren arabera, Espainiako Gobernuak agindu dituen diru laguntza horietatik Azpeitiari 2.487.393 euro dagozkio. Diru laguntzak herriaren biztanle kopuruaren araberakoak dira. Diru laguntzak jasotzeko, egitasmoak obra publikora zuzendutakoak (hirigintza edota ekipamendu proiektuak, esaterako) izan behar dute, ezinbestean.

Diru laguntzaren eskaera hil honen 24rako egin behar da, eta erantzuna hogei egunen barruan jasoko du Udalak; otsailean, aurreikusten dute. Espainiako Gobernuak egitasmoak aztertzeko hamar egun hartuko ditu eta beste hamar eguneko epean erantzun beharko du. Behin Espainiako Gobernuaren baiezkoa jasota, apirilerako lanak nork egingo dituen erabaki beharko du Udalak, eta egitasmo guztietako lanak urte honen bukaerarako bukatuta egon behar dute, hala eskatzen du Espainiako Gobernuak.

Bat baino gehiago landu

Herritarren iradokizun buzoien bidez edota Udalaren webgunean herritarrek gehien eskatutako egitasmoak landu ditu Udalak, "proiektu bakar bat landu baino, nahiago izan dugu egitasmo desberdinak lantzea, herriko hainbat tokitako beharrei erantzuteko. Era horretan herritar gehiagori eragingo dioten proiektuak izango dira".

Udaletxe atzeko plazan

Estalitako haur parkea. Udaletxearen atzeko plazan, hau da, Izarraitz pilotalekuaren ondoan eta Santutxo auzoaren azpiko toki horretan, estalitako haur parkea egiteko egitasmoa. Haur parkean eserlekuak, haur jolasak eta mahaiak jarriko dituzte. Beirazko estalkia izango du plazak, eta lur zoruan goma jarriko dute. Beirazko estalkiak 600 metro koadro inguru babestuko du eta gehienezko altueran 7 metro izango ditu. Komun bat ere jarriko dute plazaren izkina batean. Herrian, estalitako beste haur parkerik ez dago eta herritarren aldetik eskaera dago, Udalaren esanetan.
Aurrekontua. 894.944 euroko aurrekontua du.

San Martin egoitzan

San Martin egoitzako lorategia berritu eta moldatu. San Martin egoitzaren eta Iraurgi ikastetxearen artean dagoen lorategia eraberritu eta moldatu egingo dute. Erdiko aldean plaza bat egingo dute bai egoiliarrak egoteko, edota baita kanpotik doazenentzako ere; irekia izango da. Plazak inguruan berdegunea eta zuhaitzak izango ditu; zuhaitz batzuk gaur egun daudenak. "Lorategi edo egoteko toki horretara iristeko modua erraztu egingo dugu, aldapak-eta gutxituta", azaldu du Iñaki Errazkin alkateak. Udalekoen esanetan, gaur egun dagoen lorategia "zahartuta" dago eta egoiliarrek "erabiltzeko zaila" da.
Aurrekontua. 128.143,4 euro.

Urrestillan

Haur eskola. Urrestillan, eskolata-goia bezala ezagutzen den tokian, perretxikoa haur eskola izateko prestatuko dute. "Urrestillan gero eta gehiago eskatzen ari dira eskola", diote Udalekoek. Honen inguruan gurasoekin bilera bat egin zuen Udalak.
Ludoteka. Toki berean, perretxikoaren ondoko eraikineko lokal batean ludoteka bezala erabiltzeko tokia egokituko dute gaztetxoentzako; hain zuzen ere, garai batean eskoletako irakasleen etxebizitza zirenetako batean. Orain, lokal hori biltegi bezala erabiltzen da. "Gaur egun dutena baino toki handiagoan egoteko", Udalaren arabera.
Aurrekontua. 277.104 euro.

Garmendi gainean

Hirigintza lanak. Hasi Perdillegiko etxebizitzen eta Anaia Garate auzoko etxebizitzen ingurutik Garmendi Gaineko Errezileneko pareraino espaloiak berrituko dituzte eta autoentzako aparkalekuak txukundu eta egingo dituzte. "Toki horretan oinezkoentzako espaloiak egoera kaskarrean daudelako eta berritu beharra dutelako", azaldu du Iñaki Errazkin alkateak. Autoentzako aparkaleku berriak ere aterako dituzte egitasmoaren baitan. Gune batean, Urola Ikastolaren ikastetxe berriaren aurrean errepidearen alde bat konponduta dago, baina ez bestaldea.
Aurrekontua. 356.664 euroko aurrekontua du.

Sanjuandegin

Hirigintza lanak. Hasi Sanjuandegiko Barrenetxea auzotik eta Salbe auzoko zati bat arte hirigintza lanak egingo dituzte; Loiolako atzeko biderako irteera arte alde batetik eta, bestetik, Niza taberna pareraino. Besteak beste, oinezkoentzako espaloi berriak egin eta autoentzako aparkaleku berriak antolatuko eta egingo dituzte. Toki honetan ere auto gehiago aparkatzeko lekuak moldatuko ditu Udalak. Etxe atari batzuetako lur zorua ere berria jarriko dute eta, era berean, lur azpiko azpiegiturak berritu egingo dituzte.
Aurrekontua. Sanjuandegiko (Barrenetxea eta Salbe) hirigintza egitasmoak 830.535 euroko aurrekontua du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide