D3Mri babesa eman diote gazte independentistek

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 26a, 10:01

Gazte independentistak ostiralean Azpeitiko udaletxean eginiko agerraldian.

Euskal Herriak bizi duen "apartheid egoera" salatu dute

Gazteei independentziaren alde agertzeko esan diete

Gazte independentistek herenegun egindako agerraldian, ezker abertzaleko zortzi kideren aurkako polizia operazioa eta Azpeitian EAJk eta EAk zentsura mozioaren bitartez eginikoa "apartheid politika bera" dela adierazi zuten. Azpeitiko udaletxean egindako agerraldian, gazteria independentziaren alde borrokatzera eta D3Mren alde sinatzera animatu zuten.

Operazioa mozioaren jarraipen

Ezker abertzaleko kideen kontrako polizia operazioa duela egun gutxi Azpeitian gertatutakoaren "jarraipena" dela adierazi dute. Gazteen ustez, "zentsura mozio baten bitartez kendu zuten herritarrek aukeratutako Azpeitiko alkatea, eta epaile itxurako borrero baten aginduz atxilotu dute zapaltzailearen ordena onartzen ez duen mugimendu ezkertiar eta independentistaren ordezkaritza bat". Gaineratu zutene, "mundu guztian eta hizkuntza guztietan horri apartheid-a" deitzen zaio.

Kamiseta gorriz

Independentzia! hitza zeramaten kamiseta gorriz jantzirik agertu ziren gazteak eta esan zuten eurak direla "estatuek eta euren akolitoek porrot egin dutenaren adibiderik garbiena". EAJk, EAk, PSEk eta UPNk "herri honekiko dute asimilazio lehia galdu" dutela adierazi zuten, "30 urteko borroka ostean" ez dutela lortu "herri honen gehiengoak independentista eta ezkertiarra izateari uztea". Gainera, aipatutako alderdi politikoei "salbuespen egoerari demokrazia" deitzea leporatu diete.

Gazte independentisten esanetan "herritarren nahia deitzen diote PSOEk, EAJk eta UPNk nahi dutena nahi duten moduan egiteari; ongizatea deitzen diote denon kontura aberasteari; pedagogia modernoa hezkuntzaren merkantilizazioari eta aurrerapena txikizioari".

D3Mren aldeko sinadurak

Independentisak eta ezkertiarrak "gehiengoa" direla nabarmendu dute eta "bide horretan urrats bat gehiago" ematera animatu zituzten gazteak, "jendarte honetan etsipenaren ordez ilusioa indartzeko".

"Independentziara lotzeko" D3Mren aldeko sinadura eman dute eta dei egin diete euskal gazteei gauza bera egiteko. Orain, indar independentista "batzea, antolatzea eta independentzia irabaztea" dagokiela eta "euskal estatu sozialista lortu arte borrokan" jarraituko dutela esan dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide