Euskal Herriko automobilismo denboraldia ondo hasi du Ramon Apalantza errezildarrak. Bigarren sailkatu zen igandean jokatutako Gabiriako XI. Rallysprintean. Jon Izagirre legazpiarra izan zen Lagun-Artea eskuderiak antolatutako probako txapelduna, Mitsubishi EVO V autoarekin.
Ramon Apalantzarentzat "emaitza polita" da Gabirian lortutakoa. "Hasieran ez nintzen oso gustura ibili, baina bukaeran egindako hobekuntza txiki bati esker alde handia lortu nuen", esan du errezildarrak.
Parte-hartze handia
Eguraldi onak lagunduta, milaka zaletu elkartu zen Gabiria eta Legazpi arteko 7,7 kilometroko zirkuituan. Erlojupeko hiru zatitan banatuta zegoen proba. Guztira, 56 parte-hartzaile izan zituen lasterketak eta Gorka Apalantza errezildarra zen faborito nagusia. Gorka eta Aitzol Apalantza anaiek egin zuten denborarik onena lehenengo erlojupekoan, baina bigarrengoan kolpea hartu eta tronpoa egin zuen. Denbora kaskarra egin ondoren, azkenean erretiratu egin ziren.
Horrenbestez, Jon Izagirre lehen postuan sailkatu zen aurreneko bi zatietan eta Ramon Apalantzak egin zuen denborarik onena hirugarren zatian. Bigarren eta hirugarren sailkatuek, Ramon Apalantzak eta Joseba Zipirainek, denbora orokorrean berdindu egin zuten eta aurreneko zatian egindako denborek erabaki zuten azkenean sailkapeneko bigarren postua.
Bestalde, Joxe Labaka azpeitiarra bosgarren sailkatu zen. Iñaki Alberdik, berriz, zorte txarragoa izan zuen. Bere Seat Ibiza autoaren palier bat hautsi eta lasterketatik kanpo geratu zen.
Gabiriako XI. Rallysprinta
Sailkapena
- Jon Izagirre-Ricardo Tricio (Mitsubishi EVO V) 13:09.00
- Ramon Apalantza-Juan Luis Sarasola (Mitsubishi WRC) 13:15.80
- Joseba Zapirain-Borja Aguado (Peugeot 206 WRC) 13:15.80
- Santi Artetxe-Sandra Fernandez (Peugeot 307 WRC) 13:21.80
- Joxe Labaka-Aitor Otaegi (Mitsubishi EVO V) 13:30.90
Lagun artea eskuderiaren aurtengo probak
Martxoak 14, larunbata. Ikasberri Rallysprinta.
Maiatzak 9, larunbata. Azkoitiko Rallysprinta.
Ekainak 20, larunbata. Aiako Igoera.
Uztailak 18-19, asteburua. Klasikoen Azpeitiko Rallya.
Urriak 25, igandea. Urrakiko Igoera.