Espetxea gogorra dela, baina hainbat irakaspen eta aberastasunekin atera direla diote Haika-Segi auzia-n epaitu, sei urteko espetxe zigorra bete, eta kalera atera berri diren gazteek. Egindakoaz harro daudela dio Ugaitz Elizaranek zigortuen izenean. Ohorea izan dela bai gazte erakundean lan egitea, bai Espainiako auzitegiek hargatik zigortu ondoren Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide izatea. Ez dira damutzen independentziaren eta sozialismoaren alde gazte erakundeetan egindako lanaz. Ziur dira Haika eta Segiko kideak kartzelatzeko erabakiaren atzean helburu politiko zehatzak zeudela. Eta, seguru daude, sei urte kartzelan izan dituzten arren, helburu horiek ez direla bete. Are harroago daude hargatik.
Gure aurkako errepresioaren helburua gu damutzea zen; independentziaren eta sozialismoaren alde egindako lanaz eta borrokaz damu izatea, adierazi du Elizaranek. Baina alferrik izan da. Ez dute lortu, esan du. Areago, orduko konpromisoa berresten dutela adierazi du espetxetik atera eta egun gutxira. Herri aske baten aldeko konpromisoa mantentzen dugu.
Espetxeratutakoen lana indargabetzeaz gain, ondorengo gazte belaunaldien lana ere indargabetzea zuen helburu Haika-Segi auzia-k, zigortuen ustez. Eta hori ere ez dela lortu dio Elizaranek. Euskal gazteriak antolatzen jarraitzen duela ikusi dugu, esan du, haiekiko harrotasuna adieraziz. Belaunaldien arteko katea mantendu da. Ez da lortu belaunaldien arteko haustura. Eta orain arte ez badute lortu etetea, hemendik aurrera ere ez dute lortuko.
Izan ere, independentziaren eta gazteen eskubideen alde gazte erakundeetan antolatuta lanean hasi zirenean, lan horrek ordaina izan zezakeela bazekiten ondoren espetxeratu zituztenek. Gaur egun, helburu berberengatik lanean ari direnak jazarpena jasaten ari direla dio. Eta, Haika eta Segikoen kasuan bezala, lan politiko hori egiten ari direnak atxilotu, torturatu eta espetxeratu egiten dituztela. Beraiei gertatu zitzaien bezala, armarik gabeko erakunde armatuko kide izatea leporatzen ari zaizkiela.
Baina hala ere lanean jarraitzen dutela ohartarazi du, eta harrotasuna azaldu du atzeko belaunaldiek lekukoa hartu dutelako. Hain zuzen, horrexek erakusten du errepresioaren antzutasuna, Elizaranen ustez.
Ondoren, beste batzuk
Sei urteko espetxe zigorra bete ondoren askatu dituzten Garikoitz Etxeberria eta Gartzen Garaiorekin egin du agerraldia Elizaranek. Eta ondoan izan dituzte egun lanean dabiltzan gazte independentisten hiru ordezkari. Ion Telleria mintzatu da horien izenean. Askatu berriei ongi etorria eman, espetxean jarraitzen dutenei babesa erakutsi eta belaunaldien lotura eteteko helburuak porrot egin duela nabarmendu du. Gaur beste batzuk daude borrokarako prest.
Independentziaren aldeko lanean ibiliagatik Euskal Herrian asko dira polizien razzia jasaten ari direnak, gazte independentistaren ustez. Oarsoaldeko zein Iruñealdeko egoerak ditu horren adibide. Gazte independentistak kaletik ateratzea da errepresio horren helburua Telleriaren hitzetan, gu garelako egoera aldatzeko alternatiba, aldaketaren atea itxi nahi dutenen oztopo nagusia.
Eta, erasoak eraso, independentziaren aldeko lanera lotzeko deia egin die euskal gazteei. Hori izango dela egungo egoera aldatzeko modu bakarra. Bide horretan, ostegunerako antolatutako mobilizazio egunean parte hartzera gonbidatu ditu.
D3Mri babesa
Hauteskundeetan D3M bozkatzeko eta plataformaren aldeko kanpainan buru-belarri aritzeko eskatu dute gazte independentistek. Halaber, martxoaren 2an EAJ eta PSE eskutik" joango direla salatu dute.