Larunbat honetan jokatuko dute Loiola auzoan sanjosetako mendi biatloia

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 4a, 12:03

Iaz, Biatloian parte-hartzaileak irteteko prest. (Nerea Uranga)

Kirol proban parte hartzeko egunean bertan eman behar da izena, proba hasi baino ordu erdi lehenago, 16:00etan

Bi proba egin beharko dira: hamar kilometro bizikletan eta ondoren lau kilometro lasterka

Larunbatean sanjosetako mendi biatloia jokatu dute Loiolan, beste urteetan baino astebete lehenago jokatuko da aurten. Zortzigarren aldia izango du Loiolatxo Elkarteko Festa Batzordeak antolatutako mendi bizikleta eta korrika lasterketak.

16:30ean irtengo dira Loiolatik, Arrupe etxearen aurretik. Bi proba egin beharko dituzte parte-hartzaileek: aurrena, hamar kilometro egin beharko dituzte mendi bizikletan eta, ondoren, lau kilometro lasterka.

Izena, probaren egunean

Mendi biatloian parte hartzeko probaren egunean eman behar da izena Loiolan bertan, irteerako ordua baino ordu erdi lehenago, hau da 16:00etan. Izena emateko sei euro ordaindu beharko dira. Parte hartzen duten guztientzako merienda izango da proba bukatutakoan eta izena emandako guztien artean oroigarriak banatuko dituzte antolatzaileek.

Ibilbidea gogorra, baina polita

Loiolako biatloian parte hartzen dutenek diotenez, ibilbide gogorra du, baina polita. Horregatik, antolatzaileek mantendu egin dute. Bizikletaz bi aldiz egin beharreko ibilbidea honakoa da: Arrupe etxearen aurrean hasi eta Sokin baserrira; handik Sistiaga errekara jaitsi eta Iturbide baserritik Nartzabalera, gero handik berriro Loiolara jaisteko. Behin bizikletako proba eginda, korrika lau kilometro egin beharko dituzte. Honako ibilbide honi lau bira eman beharko dizkiote lasterka: Arrupe etxearen aurretik Sistiaga bidegurutzean San Pedro aldera hartu eta handik Arrupe etxearen aurrera berriro.

Loiolako biatloia azken lau urteetan Mikel LarraƱaga azkoitiarrak irabazi du. Iaz 44:46 denbora behar izan zuen mendi bizikletako eta lasterkako probak bukatzeko. Orduko hartan, bizikletan egindako lanari esker lortu zuen proban aurrea hartzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide