Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian haurtzaindegi eta ludoteka zerbitzuak egongo dira

Uztarria.eus 2009ko mar. 5a, 10:03

Martxoaren 28an izango da lasterketa

Bi zerbitzuak 15:00etatik 19:30era egongo dira martxan

XVI. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia martxoaren 28an egingo da eta aurten, lasterketan parte hartuko duten korrikalarien seme-alabek haurtzaindegi ludoteka zerbitzua izango dute. Azpeitiko Udaleko Kirol eta Parekidetasun Sailek bultzatutako ekimena da eta lasterketan gurasoen parte hartzea erraztea du helburu, emakume eta gizonezkoen kirol praktikarako berdintasun aukerak sustatzearekin batera.

Maratoi egunean bi zerbitzu eskainiko dira: 1 eta 3 urte bitarteko haurrentzat haurtzaindegi zerbitzua jarriko dute martxan eta 4 eta 7 urte bitartekoentzat, berriz, ludoteka. Lasterketa 16:30ean hasiko da, eta bi zerbitzu horiek 15:00etatik 19:30era eskainiko dira, Ikasberri Ikastolan. Antolatzaileen arabera, ikastetxea "helmugatik oso gertu dago, eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko ekipamendua du".

Haurtzaindegiko eta ludotekako plazak mugatuak izango dira. Plaza bat lortzeko aurrez izena eman beharko da eta horretarako 943 15 00 95 edo 943 17 79 28 telefono zenbakietara deitu behar da.

Lasterketan izena emateko epea zabalik

Martxoaren 28an izango den Azkoitia-Azpeitia Diego Garciaren oroimenezko maratoi erdian izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko. Lasterketa Xeye Atletismo Taldeak antolatzen du El Andaluz elkartearen eta Zaletu taldearen laguntzarekin.

Izena emateko 18,50 euro ordaindu behar dira. Izena martxoaren 22ra bitartean eman daiteke Aradi eta Aitzaki kirol dendetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide